Hirugarren egin du Denok Danenak 18 urtez azpiko kluben arteko Espainiako Txapelketan

Ataria 2026ko otsailaren 19a

Denok Danena taldeko pultsulariak ere Espainiako Eskolarteko Teknika Txapelketan parte hartu zuten.

18 urtez azpiko kluben Espainiako Txapelketa otsailaren 7an izan zen Madrilen. Bost talde zeuden sailkatuak txapelketa horretarako Denok Danenakoak barne. Orokorrean egin zutena baino lan hobea egiterik bazuten ere, iaz bezala podiumera igotzea lortu zuten baina aurtengoan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Unai Mesa, Eneko Mesa, Mohamed Reda El Byad, Joel Ropero eta Ander Rodriguez izan ziren taldeko pultsulariak. Ordezko bezala Jokin Ortiz de Murua izan zen, eta lehiatzea egokitu ez bazitzaion ere aukera izan zuen bertan egoteko bere taldekideak animatzeko, eta hasi berria denez txapelketa barru barrutik bizitzeko.

Otsailaren 8an, berriz, Espainiako Eskolarteko Teknika Txapelketaren txanda izan zen, eta taldeko txikienek izan zuten aukera parte hartzeko. Bertan izan ziren Mia Riko (2016), Nakor Ortiz de Murua (2014), Jon Jimenez (2014) eta Taha el Byad (2013). Guztiak Denok Danena halterofiliakoak dira eta hainbat ikastetxetan ikasten badute ere, gaztetxoenak direnez, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean izaten dituzte entrenamendu saioak. «Teknika txapelketa puntuatzea ez da lan erraza izaten epaileentzat, baina esan beharra dago maila ederrean aritu zirela lauak», esan dute klubeko arduradunek. Bere adinekoen artean 3. postua lortu zuen taldeko gaztetxoenak, Mia Rikok: «Zoragarri aritu zen lan bikaina eginez. Postu onak baita Jon Jimenez eta Nakor Ortiz de Muruak lortutakoak; Taha el Byadek ere lan ona egin zuen. Espainiako lehen txapelketa izan da beraientzat; tarimaren gainean gogotsu azaldu dira, eta entrenatzaileez gain guztiek izan dute bertan familia ere animoak emateko eta beraiekin batera txapelketaz gozatzeko». Denbora gutxi da gaztetxo horiek halterofilian hasi direla, ikasteko gogoz eta ilusioz beterik ikusten dituzte klubetik.

Hurrengo txapelketa hilaren 21ean izango dute, larunbatean, goiz eta arratsaldez Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Irun eta Zarautzekin batera Gipuzkoako Kluben Txapelketan eta Espainiako Ligako I. jardunaldian ariko dira Denok Danena taldekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!