Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa eguneratu dute

Ataria 2026ko otsailaren 14a

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udaletako ordezkariekin partekatu du indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionalerako protokoloa eguneratzeko lana. Horretarako lan topaketa bat egin dute eta bertan lurraldeko 13 alkatek parte hartu dute hogeitik gora udal arduradun eta teknikarirekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Irune Berasaluze foru bozeramailea eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoko zuzendaria lurraldeko alkateekin topaketa egin dute indarkeria matxistaren aurrean eman beharreko erantzun publikoaren protokoloa eguneratzeko. Tartean izan dira Alegia, Berastegi, Ibarra, Ikaztegieta eta Zizurkilgo alkateak.

Bozeramailearen hitzetan, tresna hori «aitzindaria eta bakarra da gure inguruan», eta, horri esker, lehen aldiz egituratu ahal izan zen erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean. «Berrikuspen horrekin, Aldundiak eta udalerriek lan partekatu hori indartuko dute, eta egungo errealitate eta erronketara egokituko». Dokumentua eguneratzeko, lankidetza-prozesu bat egin da lurraldeko udal, emakume-elkarte eta talde feministekin, «elkarlaneko gobernantzaren ikuspegia» indartuz, Berasaluzek nabarmendu duenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!