Inauteriak 2026

Ikasleak, dantzari finak

Araitz Uria 2026ko otsailaren 13a

Mozorroen txanda iritsi da ikastetxeetara: suhiltzaileak, pintoreak, ardiak, superheroiak, mitologiako pertsonaiak... Tolosaldeko haurrak denetarik bihurtu dira Ostegun Gizenean eta Ostiral Mehean.

Eskualdeko haurrek dantzan eman diete hasiera inauteriei. Denetariko mozorroak eta dantzak ikusi dira ikastetxeetan, baina guztietan gaztetxoen ilusioa eta poza gailendu da. Uzturpe ikastolako haurrak supeheroi bihurtu dira, supereuskaldun, superartzain... Samaniego ikastetxea zezen plaza bihurtu da, eta haurrak bertan balira bezala ibili dira korrika eta dantzan zezenaren aurrean. Laskoraingo, Herrikideko eta Zizurkilgo ikastetxeak txaranga doinuekin kalejiran ibili dira. Amasa-Villabonako haurrak langile bihurtu dira eta herriko plaza bete dute. Alegian, Anoetan eta Iruran dantza ikusgarriak egin dituzte. Eta Asteasun kirol erakustaldiak egin dituzte. Guztietan falta ez dena, beraz, dantza izan da, eta, horrela, gaztetxoenek eskualdea dantzan jartzea lortu dute. 

Inauteriei dagokien hasiera emateko, hainbat ikastetxek txarangen doinuen laguntza izan dute emanaldietan. Baina ez hori bakarrik, prestatuta ekarri dituzten dantzak egiteko euskal musika nabarmendu da: Zetak, Izaro, Mirua, Sune... artista eta talde horien eta gehiagoren musikarekin dantzatu baitute haurrek. Herria dantzan jartzea bakarrik ez, herria kantari jartzea lortu dute gaztetxoek. 

Ostegun Gizenean eguraldi ona nabarmendu da, beraz, ikastetxe gehienek kalejirak eta dantzak kanpoaldean egiteko aukera izan dute. Eguraldiari esker, haurrek pozez eta ilusioz beteta hasi dituzte inauteriak, eta euren gurasoek ere bai, haurren emanaldi ikusgarriekin batera. Ostiral Mehean ordea, eguraldia bestelakoa izan da: euriak aterpea bilatzera behartu ditu ikasle eta irakasleak.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!