Ostegun Gizen 26

«Amorruarekin hartu nuen nire auziaren artxibatzea»

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 12a

Bi urte dira Xuhar Pazos gazte billabonatarra zauritu zutela ertzainek Tolosako inauterietan, gaur auzia gogoratzeko elkarretaratzea egingo dute Soldadu kalean.

Gaur goizaldean beteko dira bi urte Xuhar Pazos gaztea ertzainek botatako jaurtigailu batekin zauritu zutela. Eskuineko begian jaso zuen tiroa eta ikusmena galdu du begi horretan. Gertakariak izan ziren tokian bertan, Tolosako Soldadu kalean, elkarretaratzea egingo dute gaur 18:00etan, Xuhar herri plataformak deituta.

Ez dira data errazak Villabonako gaztearentzat eta haren ingurukoentzat. Xuharrek aitortu du egunotan berritu egiten zaizkiola oroitzapenak eta horrelakoetan «triste» jartzen dela. Izan ere, eguneroko bizitza baldintzatzen dioten zauri fisikoez gain, zauri emozionalak ere baditu: «Duela bi urte hasi nintzen psikologoan eta oraindik ere jarraitzen dut. Gorabeherak izaten ditut, batzuetan ondo egoten naiz eta besteetan ez hain ondo». 

Auzibidea artxibatuta

Bere sinesgarritasuna zalantzan jartzea egiten zaio mingarriena. Askotan azaldu izan du Zaldunita egun hartan ez zela istiluetan parte hartzen ari eta distantzia batera gertatzen ari zena ikusten ari zela. «Batzuetan sentitzen dut ez dutela nik esaten dudana sinesten, errudun bezala hartzen nautela. Nik ez nuen ezer egin, ni biktima bat naiz». 

Xuharren aitak, Jon Pazosek gogoratu du 2024an orduko Segurtasun sailburu Josu Erkorekak hedabideetan kontakizun «gezurtia» inposatu eta semea istiluekin nahastu nahi izan zuela. «Ez zen inondik inora horrela izan. Gutako edonor izan zitekeen Xuhar. Parrandan zebiltzan nerabeen aurka kargatu zuten ertzainek, kale estu batean eta horretarako ageriko arrazoirik gabe. Istilu larria izan zela saldu nahi izan dute baina Soldadu kaleko 360 graduko kameraren irudiek erakutsiko lukete ez zela hainbestekoa izan. Irudi horiek, ordea, eurek dauzkate eta askotan eskatu dizkiegun arren ez dizkigute erakutsi». 

Grabazio horiek erabili nahi zituzten Xuharren abokatuek balizko epaiketa batean, baina, oraingoz behintzat ez da horrelakorik gertatuko, bigarren aldiz artxibatu baitzuten auzia joan den abenduan. «Ez nuen espero eta harridurarekin hartu nuen artxibatzea; amorrua sentitu nuen», esan du Xuharrek. Aurrez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Tolosako 1. Instrukzio Epaitegiari joan den irailean agindu zion atzera kasua irekitzeko eta testuinguru horretan deklaratu zuen gazteak azaroan. «Ondo sentitu nintzen, behingoz entzun egin nindutelako. Epaileari gertatu zen guztia azaldu nion». Abendu hasieran justiziaren danbatekoa bigarrengoz jaso zuen ordea. 

Abokatuek jarria diote auzia artxibatzeko aginduari helegitea. Haien nahia da auzia berriz zabaltzea eta epaiketa publiko bat egitea. Soldadu kaleko kamerako irudiez gain, inguruan zebiltzanek grabatutakoak, tabernarien testigantzak eta bi foam jaurtigai ere baditu jasota Xuharrek.

Polizia ereduaz

Sentitzen duten «inpotentzia» aipatu du gaztearen aitak. «Argi geratu zaigu, beste behin, Ertzaintzaren jokabidea neurtu eta epaitu behar dutenek asmo argiak dituztela gisa honetako auziak artxibatzeko, eta haien jokabide biolentoei inpunitate osoa emateko». 

Arduradun politikoei ere mezua zuzendu die Jonek: «Bingen Zupiriari eskatzen diogu biolentzia katea zuritzeari uzteko, eta behingoz, biktimekiko errespetua adierazteko. Ertzaintza kontrolatzeko gaitasunik ez dute. Poliziak ezin du modu anakronikoan herritarrak zauritzen jarraitu. Normala al da herritarrekin duten jarrera?». 

Polizia eredua auzitan jartzeko deia egin dute Pazos aita-semeek. Espero dute aurten Tolosako inauterietan istilurik ez gertatzea, baina halakorik pasatzen bada duela bi urte Xuharri gertatu zitzaiona berriro gertatzeko arriskua dagoela uste dute. «Festa giroan eta jendez lepo dagoen kale batean segurtasun neurriak errespetatu gabe tiroka hastea ez da proportzionaltasuna mantentzea. Badaude beste modu batzuk arazoak konpontzeko, eta bistakoa da gau hartakoa ez zela jarduteko modurik egokiena izan».

Soka luzea atzetik

Duela bi urteko inauterietan gertatutakoaren ondotik Ertzaintzak zauritutako herritar gehiagoren kasuak ezagutu dira: Amaia Zabarterena, Iker Aranarena eta Aritz Ibarrarena, adibidez. «Duela bi urte esan genuen ezin zela kontua gehiago luzatu, eta zoritxarrez behar baino gehiago luzatzen ari da», esan du Jonek. «Arazo larria da herritarron segurtasuna bermatu behar duten horiek gure ongizatea eta osasuna arriskuan jartzea eta herritarrak larriki zauritzea; bost axola zaie eragindako kaltea». 

Xuharrek dio «lagungarria» zaiola gainerako zaurituekin batera aritzea, eta esan du elkarrekin jarraituko dutela euren auziek bidea egin dezaten epaitegietan eta erantzukizunak argitu daitezen. Aitortza eta erreparazio bila, jarraituko dutela adierazi du.

Bidea ez dela erraza izaten ari aitortu du gazteak, horregatik bi urteotan harengana gerturatu direnei eskerrak eman dizkie: «Babesa eta indarra ematen didate horrelako elkartasun adierazpenek. Jendea alboan ikusten dudanean ongi sentitzen naiz». 18:00etan izango da gaur gazteari babesa adierazteko aukera Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!