Joan den urrian Erabaki plataforman eta kultur etxeko hautetsontzian erabaki zuten herritarrek zein taldek joko duen gaur gauean Euskal Herria plazan. Janus Lester taldea izan zen boto gehien bildu zituena. Zazpi kidek osatzen dute taldea eta bi dira eskualdekoak: Garazi Esnaola (Lizartza, 1992) eta Jabi Etxarri (Tolosa, 1994). Haientzat ohorea da gaur Zaldunita eguneko kontzertuan jotzea.
Etxarrik gogoan du gaztetan nola ikusten zituen taldeak inauterietan eta nola komentatzen zien lagunei zeinen ondo legokeen inoiz oholtza gainean egotea. «Amets bat bete dut. Oso pozik nago, are gehiago jendeak gu aukeratu gaituela ikusita», esan du Etxarrik.
Janus Lester Kultura Plazara programaren barruan aritu zen Zumarditxikian 2024an, baina behin ere ez inauterietan. Esnaolak eta Etxarrik ere ez dute beste inongo talderekin inauterietan jendaurrean aritzeko aukerarik izan, ez behintzat oholtza gainean. Ikusle bezala aurreko urteetako kontzertuetan egon izana du gogoan lizartzarrak, eta ez du dudarik gaur gauean jendetza bilduko dela haien emanaldia entzuteko.
Egun luzea da gaurkoa, eta taldekideak kontziente dira egongo dela nahiago duena parrandarekin jarraitzeko karrozatan edo tabernetan geratu kontzertura inguratu baino. «Gaur gauean guregana datorrena da interesa duelako, eta horrek presio pixka bat eragiten digu taldekideoi. Garazi eta bioi, bertakoak izanik, oraindik eta gehiago», esan du Etxarrik. Eskualdeko bi musikariek lagunak eta senitartekoak espero dituzte gaueko hitzorduan.
Tolosako bazter guztietan egongo da gaur jai giroa. Teklistak nabarmendu du jendea bero eta dantzatzeko gogoz espero dutela, «errepertorioak ere ematen du horretarako aukera». Plaza irekietan gehienbat uda partean aritzen dira Janus Lester taldekoak, bestela areto itxietara jotzen dute. «Plazan bertatik bertara nabari duzu jendearen berotasuna eta indarra. Gainera, inoiz gu ikustera joateko sarrera bat erostera animatuko ez litzatekeenarengana iristeko aukera ematen digu. Guretzat gaurkoa bada erakusleiho polita», azpimarratu du Esnaolak.
Arrakasta handia
2022an sortu zuen Jokin Pinatxok Janus Lester taldea eta hasieratik dabiltza bertan Esnaola eta Etxarri. Ez gaitzala loak harrapatu (2022) izan zen kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta harrera beroa izan zuen. Bigarren lanak, Lore (2024) izenekoak, ordea, marka guztiak hautsi ditu.
«Ikaragarria» izan dela aipatu du taldeko gitarra jotzaileak. Iaz urte guztia diskoa aurkezten eman zuten eta 2026an ere horretan jarraituko omen dute. Esnaola ere ezin sinistu dabil: «Janus Lesterren gabiltzan musikariak handira amesten dugun horietakoak gara, baina, hala ere, sekula ez genuen horrelakorik espero. Kontziente gara uneaz gozatu behar dugula».
Publikoarekin poz hori konpartitzeko gogoz datoz Tolosara. Taldekideak eta soinu eta argiztapen teknikariak batuta, hamar bat laguneko taldea osatzen dute Janus Lesterrekoek. «Askotan ez da erraza hainbesteko ekipoa alde batetik bestera mugitzea, ezta entseguetarako kontzertuak adostea ere. Baina borondatearekin eta gogoarekin dena da posible», azaldu du Etxarrik.
Lizartzarrak ere azpimarratu du taldekoen artean duten giro ona: «Iaz ordu asko eman genituen elkarrekin, eta horrek lagundu digu elkar ezagutzen eta harremana estutzen. Gozamena da niretzat taldekide hauen aldamenean aritzea».
Inauteri bereziak
Gaur ere ordu mordoxka bat pasa beharko dituzte elkarrekin, bazkalostean hasiko baitira soinu frogekin. Esnaola, hala ere, saiatuko da goiza kuadrillakoekin pasatzen. Etxarrik, berriz, nabarmendu du behin kontzertua bukatuta ere animatzen badira jarraituko dutela taldekideek jai giroan. Argitu ez dutena da gaur gaueko emanaldirako mozorrorik prestatu ote duten edo ez. Hori jakiteko 22:30ean Euskal Herria plazara joango beharko du publikoak.
Beste modu batera biziko dute inauteria eskualdeko bi musikariek: Etxarri aritu izan da Ero-Etxe eta Sukalde txarangetan, tronboia jotzen, nahiz eta aurten kale egingo duen; Esnaola, berriz, aurreko asteburuan Lizartzako inauteriak ondo ospatuta dator, baina tarte bat hartu du egunotan Tolosara jaisteko. Aurten inauterietan lana egitea ere egokitu zaie. Oholtza gainean edo azpian, hori bai, beldurrik gabe jardungo dute bi musikariek. Dena ongi egongo da.