Zaldunita 26

«Herri gutxitan ikusi dut Tolosan adina sormen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko otsailaren 15a

Jaiotzez tolosarra ez bada ere, jada bertako sentitzen da Alexander Padilla Lopez (Villabona, 1987). Zazpi urte daramatza bertan bizitzen, eta gehiago inauteriez gozatzen. Aurten, beste era batera biziko du Zaldunita. San Bingo Musikala egingo du 16:45ean hasita, Emeterio Arrese kalean. Aurreratu du «fantasia bat» izango dela.

Zer oroitzapen duzu haurtzaroan bizitako inauteriez?

Villabonan, ikastolarekin kalejira egiten genuen Ostegun Gizenean. Hori bai, ni ia beti etxean gelditzen nintzen, askotan gaixotzen nintzelako inauteriak iritsi baino lehen. Auskalo zergatik. Ziurrenik, asko urduritzen nintzelako.

Zenbateraino zara inauterizalea?

Betidanik, eta oso inauterizalea, gainera. Iñaki Goikoetxea nire osaba zen, beraz, beti oso gertutik bizi izan ditut inauteriak; urte batean haren parodia batean parte hartu nuen mozorrotuta. Tolosara bizitzera etorri nintzenetik, areagotu egin da zaletasuna, eta orain urtero ateratzen naiz hemengo lagun kuadrillarekin. Litekeena da anai-arrebon artean inauterizaleena ni izatea. 

Familiatik datorkizu, beraz, zaletasuna?

Esango nuke osabari zor diodala. Hark sartu zigun buruan inauteriekiko grina, eta gogoan dut Gabon Gaueko afarian beti azaltzen zigula pentsatuta zuen mozorroa edo lehen proposamena. Gainera, nire aitak laguntzen zion atrezzo-arekin.

Zazpi urte dira Tolosan bizi zarela. Nola bizi dituzu gaur egun inauteriak?

Tolosan ditudan lagunei esker, geroz eta inauterizaleagoa naiz. Asko gozatzen dut egiten ditugun mozorroekin eta antzerkiekin. Haiek transmititu didate tolosartasuna eta inauterietarako maitasuna. Nik mozorro bat proposatu izan diedanean, honakoa erantzun izan didate: «Nabari da billabonatarra zarela; mozorro hori ez da Tolosako inauterietakoa». Hori dela eta, asko ikasten ari naiz haiengandik.

Inoiz huts egin duzu inauterietan?

Beharbada, bai, baina oso gutxitan. Bartzelonan eta Madrilen bizi nintzenean ere beti saiatzen nintzen etortzen, eta etortzen ez banintzen oso gaizki pasatzen nuen.

Gaur egun ez zara gaixotzen?

[Barreak] Gaur egun, ez. Hori bai, urtetik urtera ajeak okerragoak izaten dira.

Zer dira billabonatar batentzat Tolosako inauteriak?

Parte-hartze handikoak dira, eta oso etxekoak. Sormen eta irudimen handiko ideiak topatu daitezke, hiruzpalau gauzekin egindakoak. Herri gutxitan ikusi dut Tolosan adina sormen. Gainera, oso irekiak dira; beste herrietatik etortzen direnak ongi etorriak izaten dira. Hori ezinbestekoa da.

Nola ospatzen dituzu?

Beti saiatzen naiz lanean jai egiten. Zaldunitan, Donostiako lagunekin mozorrotzen naiz; Astelenita eta Asteartitan, berriz, Tolosako lagun kuadrillarekin. Egun horietan mozorro bana janzten dut.

Anai-arreba guztiak musikariak zarete. Inoiz parte hartu duzue txarangaren batean?

Ez. Jotzen ditugun instrumentuengatik ez dugu aukerarik izan. Hori bai, txarangazale amorratua naiz. Txaranga on batek edozein festa alaitzen du.

Gaur,  San Bingo Musikala egingo duzu Emeterio Arrese kalean. Zer da?

Iaz egin nuen lehen aldiz, Fronton tabernan. Atzoko egunez izan zen, maiteminduen egunean, eta arrakasta handia izan zuen. Gerora, herri gehiagotan egin dut. Inauterietan egitea proposatu zidatenean, ez nuen zalantzarik egin. Gainera, egun, ordu eta leku ezin aproposagoan egingo dut. Bi partida egiten saiatuko gara.

Ez da ohiko bingo partida bat; denetik gertatu daiteke. 90 abesti izango dira, garai guztietakoak, baita orain asko entzuten direnak ere, eta gehienak euskaraz; inauterietakoak ere jarriko ditugu. Baina bingoan erronkak eta sorpresak egongo dira, eta hori da onena. Publikoaren parte hartzea ezinbestekoa izango da; gainera, mozorrotuta egongo direnez, fantasia bat izango da. Ea bi pertsonek elkar ezagutzea lortzen dugun. Plan bikaina da ordu horretan zer egin ez dakienarentzat. Aurten lehen aldia izango da, baina datozen urteetan ere egitea espero dut. Ikaragarria litzateke urteren batean zezen-plaza barruan egitea, txarangekin eta dantzariekin.

MOTZEAN

Egun bat? Astelenita.

Mozorro bat? Saberri lurrindegiarena.

Abesti bat? Mugi mugi.

Momentu bat? Asteartitako afaria.

Inauteriak egunez ala gauez? Egunez nahiago. Gauez, noiz edo noiz, ke-bonbarena egin izan dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!