Lau harrera familia behar dituzte eskualdean

Leyre Carrasco 2026ko otsailaren 11

Igandean amaituko da Oporrak Bakean programan izena emateko aukera, eta eskualdean oraindik harrera familien bila dabiltza. Iraitz Lizarraga eta Aitziber Malkorrak programaren inguruan aritu dira haien esperientzia partekatuz.

50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz lelopean abiatu zuten aurtengo Oporrak Bakean programa. Eta esperantza hori galdu gabe saharar herriaren alde lanean jarraitzen dute hainbat elkartek. Eskualdean Tolosaldea Sahararekin elkartea da sahararren aldeko erreferente.

Urteroko moduan, 8 eta 12 urte bitarteko 15 haur sahararrek udako bi hilabetez Tolosaldean bizitokia izatea da erronka, eta horretarako, lau harrera familia behar dituzte; dagoeneko 11 familiek eman dute izena. Horretarako interesa dutenek igandera arte izango dute aukera Oporrakbakean.eus webgunearen bitartez. Informazio gehiagorako tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta lor daiteke.

Aurten parte hartuko duen harrera pertsona horietako bat da Iraitz Lizarraga zizurkildarra. Iazkoa izan zuen lehen urtea, eta aurten bi aldiz pentsatu gabe errepikatzea erabaki du. «Programa honek ikuspegia asko zabaldu dit; kanpalekuetako zati bat etxera etorri zaidan arte ez naiz konturatu nolako errealitatea daukaten haur hauek eta haien familiek desertuan, gatazkaz gehiago jabetzeko balio izan dit, eta, nire kasuan, ume bat zaintzeaz suposatzen duen arduraz jabetzeko ere balio izan dit», azaldu du Lizarragak.

Haur sahararrak eskualdera bigarrenez etorri zirenean parte hartu zuen Aitziber Malkorrak lehenengoz Oporrak Bakean programan. Geroztik urtero parte hartu duen horietako bat izan da tolosarra, eta aurten ere honen parte izango da. «Programa honek asko eman dit lehen urte hartatik gaur egun arte; beste kultura eta errealitate bat ezagutzeko aukera eman dit. Nire bihotzean beti egongo den esperientzia bat da».

Familien ardura

Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratu ohi da guztia koordinatzeaz eta aurten ere hala egingo du; bidaia gastuak, asegurua, bisa edota Osakidetzako txartelaren gastuei elkarteak egiten die aurre, eskualdeko udalek ematen duten laguntzari esker. Era berean, haurrak iritsi eta berehala, mediku azterketak pasatzen dituzte.

Bi hilabete horietan, gainera, familiek elkartearen babesa izaten dute uneoro. Hala ere, haurra Euskal Herrian dagoen bitartean harrera familiak izango du bera zaintzeko ardura, ahalik eta baldintza egokienetan egon dadin. 

Lehen egunak pixka bat zailak direla aitortu dute harrera familiek, eta arazo nagusiena hizkuntza dela azpimarratu dute: «Guretzat ohikoak diren gauza asko beraiek lehen aldiz bizitzen dituzte. Asko beldurrez iristen dira, dena oso arrotza zaie, berria, eta hemengo hizkuntza ez dakitenez, ezin dute nahi bezala sentitzen duten adierazi. Horregatik, lehen egunak bereziak izaten dira, arlo emozionalak pisu handia izaten duelako».

Elkarteak, bere aldetik, astean bitan jarduerak antolatu ohi ditu etortzen diren haurrak elkartu daitezen. Harrera familiek horietan ere parte hartu dezakete, eta normalean animatzen direla aipatu dute. Izan ere, harrera familiak haien artean ere saretzen direla gaineratu du Malkorrak: «Udaran parte hartzen dugun familiek sare bat sortzen dugu eta bakoitzari balio izaten zaizkigun estrategiak eta aholkuak partekatzen ditugu, eta ikusten badugu baten bati esperientzia gogor xamarra egiten ari zaiola lagundu egiten diogu; adibidez, arratsalde pasa gehiago egin ahal ditugu umeak haien artean gehiago egon daitezen. Sare oso aberatsa sortzen dugu, gure artean harreman estuak egiten ditugu, eta Saharako haurrak hortaz jabetzen dira».

Oporrak Bakean programan parte hartzeko deia egin diete eskualdeko herritarrei: «Esperientzia desberdina eta berria da, eta hau bizitzeko gogoa dutenek ez dezatela bi aldiz pentsatu. Babesa izango dute, eta harrera familiak hor egongo gara laguntzeko prest».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!