Ostegun Gizen 26

«Musika euskaldunagoa jarriko nuke karrozetan»

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 12a

Iaz Zaldunita arratsaldean DJ Txekor Plaza Berrian. ATARIA

DJ Txekor izena darabil Haitz Gurrutxagak (Irura, 2006) eta zalantza gutxi egiten du inauterizalea dela esaterakoan. Aurten ere hartuko du festaz gozatzeko abagunea.

Galdera gaiztoa hasteko: Irurako sanmigelak edota Tolosako inauteriak nahiago?

Zaila da erantzuten [barrez]. Uste dut sanmigelak hautatuko ditudala nire herriko festak direlako, baina, dudarik gabe, bigarren festa gustukoenak ditut Tolosako inauteriak.

Zer dute Tolosako inauteriek bereizgarri?

Kontzeptua bera erakargarria egiten zait, satira edo ironia erabiliz festa egitea gauza ederra iruditzen zait. Kalean sortzen den giroa gustuko dut. Gauarekin lotzen da askotan festa, baina inauterian egun osoa irauten du parrandak. Eguerdian Alde Zaharrean egoten den giro hori ez da beste inon topatzen.

Inauterien inguruko txikitako zein oroitzapen dituzu?

Gure aitona Ibarran bizi da, eta familiarekin txikitatik joan izan gara Tolosako inauterietara. Gurasoekin eta haien kuadrillakoekin ateratzen ginen umeak ginela; karroza ateratzen zuten eta gu han sartzen gintuzten. Gogoan daukat Asterix eta Obelix pertsonaiez atera ginenekoa, adibidez. Oso oroitzapen politak dauzkat.

Inoiz huts egin al duzu inauterietan?

Ez, beti egon naiz Tolosan. Eskiatzea ere gustuko dut eta urteren batean elurtea bota izan du egun horietan, baina, hala ere, ni hemen geratu izan naiz.

Inauterietako zein egun nahiago duzu?

Ostegun Gizena. Bereziena egiten zait. Kalean egoten den giroa asko gustatzen zait, urte osoa pasatu du jendeak zain eta egun hori iristerakoan festa lehertu egiten da. Eta bestela, aukeratuko nukeen bigarren eguna Astelenita da: nahiz eta lehen kanpotik jende asko etortzen zen, orain bertako jendea ibiltzen da nagusiki.

Txarangak gustuko al dituzu?

Bai, txikitatik gustatu izan zaizkit. Duela bost bat urtetik bonbardinoarekin Pintxanan ateratzen naiz eta oso gustura nago. Musika eskolatik beti animatu izan gaituzte txarangetan parte hartzera. Pintxana txaranga irekia da eta etxean bezala sentitzen naiz bertan. Aurten berezia izango da guk botako dugulako txupinazoa. Ilusio handia egiten dit. 

Inoiz jantzi izan duzun mozorrorik onena?

Kuadrillakoak Lazy Town telesaileko pertsonaiez mozorrotu ginen. Bakoitzaren disfraza oso ondo landu genuen, eta parrandan jendeak argazkiak ere eskatu zizkigun. Inoiz erabili izan dugun mozorro errealista eta landuena izan da.

Karrozaren batean atera al zara inoiz?

Ez, baina baditut ezagunak karrozetan ateratzen direnak eta askotan bukatu dugu haietako batean edo bestean.

Eta zein giro duzu gustukoen, karrozetakoa, tabernatakoa, txosnetakoa, txarangatakoa?

Ni beti txosnetako giroaren alde. Karpan sartu eta gau guztia pasa dezaket handik atera ere egin gabe. Hala ere, gero, tabernak baino nahiago ditut karrozak. Iruditzen zait inauteriak irekiak direla, kalean egotekoak, eta ez tabernan sartuta; bestela ere, urte osoan hor egoten dira.

Iaz, Zaldunita egunean Plaza Berrian musika jarri zenuen. 

Bai eta oso saio ona izan zen. Hasieran zalantzak izan nituen ordutegiarekin, 17:00 aldera hasi bainintzen musika jartzen, baina giro oso polita sortu zen. Hasieran ez zen jende asko inguratu, 40 pertsona edo, eta bukaerarako plaza bete zen. Adin guztietako jendea bildu zen eta oso giro sanoa izan zen. 

Zein musika da aproposa Zaldunita egun batean hainbeste jenderen aurrean jartzeko?

Arratsaldeko saioa izanik, publiko orokorrarengan pentsatu nuen, Tolosa inguruko inauterizaleak ziren batez ere han zeudenak. Beti gustatu izan zait Brasilgo inauterietako doinuak jartzea, sambak eta bestelakoak. Tolosako txarangetako moldaketak-eta jarri nituen, Euskal Herriko beste hainbat kantu mitikorekin batera. Herri giro eta festa giroa sortzea izan zen nire helburua, eta uste dut lortu nuela. Asmo berarekin prestatu dut aurten Ostegun Gizen izeneko remix-a eta joan den astetik plataforma guztietan dago entzungai.

Aurten inon ariko al zara musika jartzen?

Ez, udaletik ez didate deitu behintzat egitarau ofizialean parte hartzeko. Karrozaren batekin hitz egiten ari naiz, saioren bat egiteko, baina ez daukat ezer konfirmatuta. Azken urteetan karrozetan sumatu dut musika komertzial hori entzuten dela, toki guztietan entzuten dena alegia, eta giroa erdaldundu egin dela esango nuke. Erraztasunera jotzen da, eta batzuk zein besteek erabiltzen dituzten playlist-ak ia-ia igualak dira. Uste dut saiakera egin beharko litzatekeela giro hori euskalduntzen; ea berriro gure egiten dugun espazio hori.

Zerbait aldatuko al zenuke inauterietatik?

Luzatu egingo nituzke, beste astebete [barrez].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!