Itxaso Erasun nabarmendu da Itsasun

Ataria 2026ko otsailaren 9a

Itxaso Erasun eta Ibarrola, partidaren une batean. EMAKUME MASTER CUP

Behar Zana elkarteko pilotari zizurkildarrak Master Laboral Kutxa emakumezkoen eskupilota txapelketa nagusian Ibarrolarekin batera 17-22 irabazi die Zabaletari eta Bertizi.

Itsasuko pilotalekuan jokatu da binakakoaren jardunaldia. Erasunen partida orekatua eta erritmo bizian jokatutakoa izan da: lau pilotariak oso ondo aritu dira, baina azkenerako zizurkildarra nabarmendu da. Partida ikaragarria jokatu du, are gehiago bere aurrelari Ibarrolak belaunean kolpe bat hartu eta bere errendimenduak zertxobait behera egin eta gero. Ordura arte lan bikaina osatzen ari zen Ibarrola ere.

Parean, Goiuri Zabaletak ere partida handia jokatu du, tanto oso ederrak amaitzeaz harago, berak eutsi dio partidari azken txanpara arte, baina bere atzelariak ez dio behar besteko laguntzarik eman eta 22-17 galdu dute. Puntu bereziki garrantzitsua izan da Ibarrola-Erasunentzat, aurkarien aurretik jarri baitira sailkapenean.

Beste partida bat ere jokatu zen Itxasun: Arrizabalaga eta Bergara bikoak 22-6 irabazi zien Etxegarairi eta Betegiri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!