Binakako Pilota Txapelketa 13. eta azken-aurreko jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta sailkapenak erakusten du Iñaki Artola alegiarra eta Imaz bere atzelaria txapelketatik kanpo geratu direla. Zazpigarren postuan daude, eta azken jardunaldiko partida irabazi arren, ez dira play-offetarako sailkatuko. Gainera, azken jardunaldietan Artolaren ordez Peña II.a ari da jokatzen, alegiarra lesionatuta dagoelako. Hain justu, asteburuan Peña II.ak eta Imazek 22-20 irabazi zieten P. Etxeberriari eta Rezustari. Azken jardunaldian ere Peña II.a tolosarrak Artola ordezkatuko du.
Altunak III.ak eta Ezkurdiak partida garrantzitsua irabazi diote 22-18 Jakari eta Iztuetari, eta bere esku dute play-offetako abantaila izatea, hau da, finalerdietara sailkatzeko bi aukera izatea. Sei puntu dituzte amezketarrak eta arbizuarrak, eta azken jardunaldian puntu berak dituzten Larrazabal eta min hartuta dagoen Mariezkurrena II.aren ordez ariko den Eskiroz izango dituzte aurkari. Irabazten badute laugarren postua ziurtatuta dute, Jakak eta Iztuetak beren partida irabazi arren. Galtzen badute, bosgarren edo seigarren amaituko dute liga, eta bi partida irabazi beharko dituzte finalerdietara sailkatzeko.
Lizartzarrak eta tolosarrak sei puntu dituzte, eta aukerekin daude laugarren postua borrokatzeko. Azken jardunaldian Elordi-Zabaleta bikoaren aurka jokatuko dute. Horiek bigarren postua ziurtatuta dute, eta, beraz, finalerdietarako sailkapen zuzena. Jakak eta Iztuetak ez dute beren esku laugarren postua eskuratzea: beraiek irabazi egin behar dute, Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak beren partida irabazi, eta Zabala-Martija bikoak berea irabaztea.
Serie B Txapelketa
Gabirondo gazteluarra eta Murua bere aurrelaria zuzenean sailkatuta daude finalerdietarako, bigarren postua mantenduko baitute Agirreri (Peña II.aren ordez jokatu zuen) eta Salaverri II.ari 22-16 irabazi eta gero. Hain justu, Peña II.ak eta Salaverri II.ak bere esku dute laugarren postuari eustea, eta azken jardunaldian Rekalderi eta Eskirozi irabazita nahikoa dute. Agirrek ordezkatuko du Peña II.a asteburuan. Ugartemendia alkizarrak eta bere aurrelari Senarrek beren partida irabazi behar dute, eta ikusi zer gertatzen den besteetan gutxienez laugarren postua lortzeko. Dario eta Loza bikoaren aurka dute azken partida.