Tolosaldeko herri askotan Santa Ageda bezperan kopla zaharrak kantatzeko ohitura dute; erritmoa jarraitzeko makilekin lurra jo eta baserriz baserri ibili dira hainbat herritar.
Goiz partean eskualdeko eskoletako ikasleak aritu dira errondan. Goiztiarrenetako batzuk Asteasuko Pello Errota herri eskolako ikasleak izan dira eta 09:00etan abiatu dute bidea Andazarraten, Arrizuriaga etxean. Handik baserriz baserri herriko plazara bitarteko bidea egin dute LHko 4, 5 eta 6. mailako 32 ikaslek.
Villabonan ere Fleming herri eskolako ikasleek plazarik plaza egin dute ibilbidea: Malkar plazan herriari kantatu diote, Erreboteko plazan udal ordezkariei eta Arroan, berriz, eskolako ikasle gazteenei. Amaia Agirrerekin batera prestatu dituzte ikasleek kantatzeko koplak.
Zubimusu ikastolako ikasleek ere egin dute herrian itzulia. Salbadora jubilatu elkartean Ibilian ekimenean parte hartu duten adinekoei kantatu diete, eta, handik, Santiago egoitzara jo dute; ibilbidea Txermingo eraikinean bukatu dute, eta bertan, ikasle gazteenekin batera kantatu dute.
Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eskolako ikasleek lehenengo saioa ikastetxeko frontoian eskaini ondoren, herriko hainbat puntutan kantatu dituzte propio egun honetarako prestatu dituzten koplak.
Arratsaldean helduak
Arratsalde eta iluntzean helduen txanda izan da. Besteak beste, Ikaztegietan aurten 25 urte bete dira Santa Ageda bezperan kantari ateratzeko ohitura berreskuratu zutela eta gaur ere hainbat herritar atera dira kantari. Herri eskolaren atarian bertako ikasleei aritu zaizkie kantuan eta hitz eman dute beste hainbat urtean eutsiko diotela ohiturari.
Anoetako Kukuak Kantuz abesbatzakoek ere hitzordua egin dute Gazteleku parean gaur arratsaldean. Koplak kantatu dituzte kalez kale, Anjel Mari Peñagarikano herriko bertsolaria lagun zutela.