Lehen finalistak erabakita, Soroaren oroimenezko txapelketan

Ataria 2026ko otsailaren 2a

Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatzen ari den XII. Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta atzo, lehen finalerdiak jokatu ziren. Intxurreko eta Tolosa pilota elkarteko pilotariak bikain ibili ziren.

Txapelketa hiru mailatan banatuta dago (promesak, lehen maila eta elite maila), eta igande honetan jokatutako partidek maila handia eskaini zuten. Hurrengo igandean jokatuko dira gainerako hiru finalerdiak, eta horrela final guztiak erabakita geldituko dira.

Promesen mailan, Madina (Intxurre) eta Castrok (Tolosa) osatutako bikoteak 18-11 irabazi zien Perez (Lapke) eta Elolari (Lapke). Partida polita eta bizia izan zen, 312 pilotakadarekin eta 41 minutuko iraupenarekin. Markagailua hasieran parekatuta egon zen arren, Intxurreko aurrelari Unax Madinaren lan bikainak partida erabaki zuen, sakean eta jokoan nagusi izan baitzen.

Lehen mailan, ikusmina handia zen eta espero bezala, final baten pareko partida jokatu zuten Nazabal-Sotil (Larraun) eta Murua-Santesteban (Intxurre-Irurtzun) bikoteek. Azkenean, azken hauek nagusitu ziren 22-18, lehia gogor eta luzean. 485 pilotakada eta 65 minutuko partida izan zen, eta lau pilotariak nabarmendu ziren.

Elite mailako finalerdian, Irribarria (Tolosa) eta Bernaola (Lea Ibarra Motrollo) bikoteak ez zion aukerarik eman Azketa (Tartaloetxe) eta Elorz (Upo Mendi) bikoteari, 22-11ko emaitzarekin. Hasieratik nagusitu ziren irabazleak, erritmo bizia eta sendotasuna erakutsiz. Partidak 360 pilotakada eta 43 minutuko iraupena izan zituen, eta Irribarria izan zen sakean eta jokoan gehien nabarmendu zen pilotarietako bat.

Horrela, Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketak giro bikaina eta kalitate handiko pilota eskaini ditu asteburu honetan Beotibarren. Hurrengo igandean jokatuko diren beste hiru finalerdiek zehaztuko dute nortzuk ariko diren final handietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!