«Ohorea da hemen dauden izenen ondoan izatea»

Ataria 2026ko urtarrilaren 30a

Judo Klub Tolosako Unai Saralegi tolosarraren eta Unai Regillaga amezketarraren izenekin plaka jarri dute Usabal kiroldegiko sarreran. Nage No Kata modalitatean munduko txapeldunorde izan ziren 2024an. Tolosako Kirol Galan jasotako saria gaur jarri dute kiroldegian.

Plaka jartzeko ekitaldia egin dute Usabal kiroldegiko sarreran, eta hunkituta jaso dute bi judokek errekonozimendua. Ekitaldiaren hasieran Judo Klub Tolosako kideek pasilloa egin diete Saralegiri eta Regillagari, eta ondoren agurra dantzatu diete. Plaka erakusteko unea iritsi da ondoren, eta jarraian argazkiak ateratzeko txanda. Regillagak azaldu duenez, «hemen dauden izenen ondoan izatea ohorea da. Denek gauza asko lortu dituzte, sari asko, sakrifizioa asko egin dituzte, eta gu horien artean egotea ohorea da. Horrelako garaikur bat ez du edozeinek jasotzen». Saralegik gaineratu du beren izenak bertan geratuko direla betirako: «Gu ere eredu izango gara gainontzeko tolosarrentzat. Izen oso handi asko daude, kirol askotan gainera, eta horrek erakusten du Tolosan lan ona egiten dela kirolean. Orain bi judoka hemen izatea garrantzitsua da klubarentzat».

Regillaga esan du gaurkoa «egun handia» izan dela: «Biok pixka bat urduri geunden, ez genekielako horrelako sari bat jasotzea zer den, guk dominak jasotzen baititugu. Pareta honetan egotea, egunero ondotik pasatuz, eta zure izenak hor izatea ezin da hitzekin deskribatu». Aurrera begira, iazko urtea nahi ez bezala atera ondoren, Saralegik esan du aurtengoan goraka joan beharko dutela: «Ondo hasi dugu urtea, eta momentuz minik gabe gaude. Aurtengorako Europako eta Munduko txapelketetan berriro podiumean izatea da helburua». Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik osatzen dute Nage No Katan lehiatzen den klubeko beste bikoa. «Oso indartsu datoz atzetik, eta ea lortzen dugun bi bikoteak podium horietan egotea», esan du Unai Regillagak.

Ekitaldian izan da Andu Martinez de Rituerto alkatea, eta hitz batzuk egin ditu plaka erakutsi aurretik. Bi judokak zoriontzeaz gain, horrelako emaitzak lortzeko egindako lana goraipatu du, eta «lana eta eguneroko dinamika» kirolean «oso garrantzitsuak» direla esan du. Entrenatzaileei ere zoriondu die, eta judokei zuzendu zaie: «Ez da gauza makala kiroldegiko plaka horietako batean egotea; izen handiak daude hor, eta zuenak ere horrelakoxeak dira». 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!