Komunitate sendo baten adierazle

Ataria 2026ko otsailaren 2a

Datu onak eman ditu beste behin, Ataria.eus webguneak, 2025eko datuei erreparatuta. Aurreko urtearekin alderatuta erabiltzaile kopurua % 1,2 handitu da, saioak % 4,3 igo dira, eta ikusitako orrialdeek ere % 1,35 egin dute gora. Erabiltzaileen fideltasunaren eta parte hartze handiagoaren erakusle dira datu horiek.

2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 369.461 erabiltzaile eta 1.899.065 saio izan zituen Ataria.eus webguneak, Google Analytics neurgailua oinarri hartuta Behategiak egindako zenbaketaren arabera. Datu hauek 2024an izan ziren erabiltzaile kopurua baino % 1,2 gehiago dira, eta saioak ere % 4,3an handitu dira aurreko urteko datuak kontuan hartuta. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte herritarrek (% 75,1), eta ordenagailuetatik gero (% 23,1). 

Datu horiek komunitate zabala osatzen dugula erakusten dute, eta euskarazko tokiko kazetaritza egiten jarraitzeko hauspoa ematen digute.

Ataria.eus webgunean geroz eta argazki galeria, bideo, audio eta artikulu gehiago argitaratzen ditu ATARIAk; hain zuzen ere, webgune honetan 3.206 eduki argitaratu dira 2025 urtean, eta 4.280 agendako elementu. Datozen hilabeteetan horretan jarraituko du; informazio hurbila jorratu eta gerturatzen.

Datu on horiek hala ere, badute ifrentzua; Ataria.eus webgunera sartzen diren guztiek ez dute ATARIA diruz laguntzen, eta hori ere ezinbestekoa da eskualdeko euskarazko komunikabide nagusia sendotzen jarraitzeko. Gogoratu ATARIA bezalako proiektuak ezinbestekoak direla, eta bide horretan ekarpena egiteko aukera dagoela; egin Atarikide eta gozatu dituen abantailez.

Inauteriak
Gertatzen ari den hori herritarrei gerturatzeko asmoz jarraituko du ATARIAk baita inauterietan ere. Neguko jaiak iristear dira eta ATARIA bertan izango da. Ez bakarrik Tolosako inauterietan, baita inauteriak ospatzen dituzten beste herrietan ere. Egunero argitaratuko du egunkaria, eta horrekin batera Ataria.eus webgunean izango dira inauterietako egunek ematen duten guztia elkarrizketa, argazki galeria edota bideoen bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!