Bihartik aurrera erabat zabalik egongo da Tolosa eta Alegia arteko bidegorria

Ataria 2026ko urtarrilaren 28a

Bidegorriaren zatia, berrituta. GFA

Amaitu dituzte bidea egonkortzeko eta indartzeko lanak, eta, ondorioz, «segurtasun-berme guztiekin» zabalduko dute orain arte itxita egon den bidearen zatia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bihar berrirekiko du Tolosa eta Alegia arteko Oria ibaiko bidegorriaren ibilbide zatia. Aurreikusitakoa baino lehen amaitu dituzte bidea egonkortzeko eta indartzeko lanak eta, horrela, tarte hori erabat erabilgarri geratuko da.

Aldunditik adierazi dute azaroaren 10ean hasitako lanak «erritmo onean» egin direla eta horregatik bukatu dutela aurreikusi baino lehen. Ezponda egonkortzeko eta berdintzeko lanak egin dituzte, helburu izanik bidearen egitura bermatzea, lurzorua hondoratuta baitzegoen pixkanaka ibaiaren ezpondara lerratzearen ondorioz. Halaber, galtzada sendotu, errodadura-geruza berritu eta pintatzeko zein seinaleztatzeko lanak ere egin dituzte. Azkenik, baranda eta argiztapena ere berritu, eta ingurua leheneratzeko lanak ere egin dituzte hondatutako eremuan.

Eskerrak erabiltzaileei
Obrak iraun bitartean izandako pazientziagatik aldundiak eskerrak eman dizkie erabiltzaileei, «eragin handia» izan dutela-eta: «Beharrezko esku-hartzea izan da azpiegituraren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko eta epe luzerako baldintzarik onenetan erabiliko dela ziurtatzeko».

Bidegorriaren berritze hori Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan hedatzen ari den bidegorriak mantentzeko eta berritzeko planaren barruan egin dute. Ildo horretan, aldundia artatze-plan zehatz bat garatzen ari da, zeinak 104 kilometro inguru hartzen dituen lurralde osoan, eta 151 puntu desberdinetan jarduten duen; horren barruan gauzatuko lituzkete, besteak beste, garbiketa-lanak, seinaleztapen eta babes-elementuen hobekuntzak, bide-zoruak indartzea zein drainatze eta egiturak bermatzeko jarduketak.

2025-2026 aldirako plan horretarako aurreikusitako inbertsioa ia lau milioi eurokoa da, bidegorri sarea «seguru, irisgarri eta erabilera baldintza onetan» dagoela bermatzeko, eta, horrela, Gipuzkoako mugikortasun jasangarria eta bizi kalitatea indartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!