Joan den urte amaieran hainbat baserritarrek ezinegona azaldu zuten Belarmendik zerbitzua ez diela emango aurrerantzean jakitean. Tolomendi Landa Garapen elkartearen barruko zerbitzua da Belarmendi, eta hori eteteak «80 baserritar salduta» utziko lituzkeela salatu zuten: «horrek gure eskualdeko lehen sektorearen etorkizuna arriskuan jartzen du, baita gure segurtasuna ere». Hala, Belarmendiren helburu historikoa berreskuratzea eskatu zuten, hau da, «baserritarren lana erraztea, eta ondorioz, lehen sektorea bera indartzea».
Bada, Belarmendiren makineria zerbitzua erabiltzen duten baserritarrek salatu dute euren kexa «modu argi eta formalean» adierazi zutenetik hilabete baino gehiago igaro denean, oraindik ez dutela inolako erantzun «taxuzkorik» jaso. Horrek «ezinegona eta kezka» sortzen dituela esan dute, euren lanari eta bizi-baldintzei zuzenean eragiten dien gai baten aurrean daudelako.
Gauzak horrela, udal ordezkarien gertutasuna eta inplikazioa eskatu dute eta alde guztien arteko elkarrizketa beharrezkotzat jo dute: «mahai-inguru garbi, zabal eta parte-hartzaile bat egin nahi dugu, ez 'zu eta ni' logikan oinarritua, baizik eta ikuspegi kolektibo eta eraikitzaile batetik abiatua. Eragiten dien guztien —baserritarren— eta adituen arteko elkarrizketa beharrezkoa da, gardentasuna bermatzeko eta prozesu parte-hartzaile erreal bat abian jartzeko».
Baserritarrek adierazi dute eurei eragiten dieten erabakietan parte hartu nahi dutela. Tolomendi eta Belarmendiko arduradunen aldetik ez dutela «hurbilketa errealik» sumatu esan dute, eta horregatik egoerak «blokeoan» jarraitzen duela. «Orain arte planteatu zaigun soluzioan langileek autonomo gisa jardutea proposatzen dute, honela elkarteko erantzukizunak murriztuz eta langileen lan-baldintzak okertuz».
Baserritarren ustez, prozesua ezin da «banakako hartu-emanetara» mugatu. Aitzitik, taldean egin beharreko bidea dela uste dute, eta elkarren ahotsak entzuteko foro bat sortzea proposatu dute: «Ezinbestekoa ikusten dugu aurrez ongi antolatutako espazio kolektiboak sortzea, eraginkorrak eta errespetuzkoak izango direnak guztion denborarekiko».
Ostiral honetan Tolomendin egingo duten batzarrari begira, bertan parte hartuko dutenei elkarlanerako duten prestutasun osoa helarazi nahi diete. «Behin eta berriz esaten ari garen moduan, indibidualismoa alde batera uzteko garaia dela uste dugu, eta sistema honek benetan herriaren eta nekazarien alde jardun nahi badu, ezinbestekoa da eragile horiek guztiak prozesuan txertatzea. Demokraziaren izenean, konbentzituta gaude bidea elkarrizketatik, entzute aktibotik eta konponbideak denon artean adostetik eraikitzen dela. Gure eskua luzatuta dago. Orain, erantzunaren eta benetako borondate politikoaren zain gaude».