Kontsumitzaileen eskubideak babesten erakutsitako hurbiltasunagatik eta eraginkortasunagatik jaso du Tolosaldeko KIUBk Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Kontsumobidek ematen duten saria. Ainhoa Orrantia bulegoko arduradunak pozik jaso du aitortza.
Espero al zenuen errekonozimendua?
Batere ez. Sari hori benetako ezustekoa izan da. Egia esan, ez nuen horrelako aitorpenik espero, Tolosaldeko KIUB oso baliabide mugatuak dituen KIUB delako. Hala ere, sari honek erakusten du asmamena dela gure baliabiderik baliotsuena. Beraz, ibilbide honetan aurkitu ditugun erronka guztiei aurre egiteko baliabideak hain urriak direnean ikasi dugu, batetik, sormena eta pertseberantzia bihurtzen direla irtenbideak aurkitzeko tresna, eta, bestetik, bokazioa dela gure aliatu nagusia.
Zein balio aitortu dizkiote Tolosaldeko KIUBri?
Hurbiltasuna, eraginkortasuna, proaktibitatea, inplikazioa, ahalegina eta profesionaltasuna; azken finean, gure eskualdeko kontsumitzaileei eskaintzen diegun arretaren kalitatea, eta bide batez, bikaintasunarekin dugun konpromisoarekin bat datorrena. Badakigu gure herritarrek, Tolosaldekoek, zerikusi handia izan dutela sari hau ematerakoan, jasotzen duten zerbitzuaren balorazio bikaina egin dutelako beti. Haiei esker jarraitzen du bizirik KIUBk. Horregatik, sari hau beraiekin partekatu nahi dugu, aurrez partekatu izan ditugun bezala mina, larritasuna, ezintasuna, frustrazioa eta, nola ez, baita une zoriontsuak ere, arazo edo gatazka bati amaiera egokia ematea lortu dugunean.
Zer suposatzen du zuentzat horrelako sari bat jasotzeak?
Harro egoteko modukoa da Tolosaldeko KIUB iritsi den tokiraino eraman, eta, era berean, gure eskualdearen izena zabaltzen lagundu izana. Horrez gain, gogoratzekoa da, baliabideak urriak badira ere, bokazioz, dedikazioz, ahaleginez eta konpromisoz eskainitako zerbitzu baten eragina izugarria izan daitekeela. Batzuetan, garrantzitsuena ez da zenbat duzun, baizik eta zer egiten duzun daukazunarekin. Eta baliabideak eskasak direnean, lan gogorrari erreparatzen diozu; ez dago besterik. Horrexegatik, sari hau birritan da berezia, eta asko esan nahi du guretzat, meritua aitortzen baitigu. Gabeziak gabezia, gure lana aintzat hartzea sekulako bultzada da.
Zenbat denbora da Tolosaldeko KIUB sortu zela?
Memoria historikoa eginez, aipatzekoa da Tolosako Udala eta Urretxukoa aitzindariak izan zirela Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak sortzen Euskadin, 1983an, aizundutako koltza-olioak eragindako intoxikazio masiboaren ondoren. Hala ere, 2003. urtean, Tolosako Udalak zerbitzua kudeatzeari utzi eta kudeaketa Tolosaldea Garatzenen esku uztea erabaki zuen. Beraz, Tolosako KIUB Tolosaldeko KIUB bihurtu zen, eta, ordutik Tolosako herritarrei ez ezik —garai hartan, 18.000 biztanle inguru—, Tolosaldeko 28 udalerrietako herritarrei ere ematen die arreta —gaur egun 50.000 biztanle—. Herritar gehiago, baina hori bai, denak artatzeko baliabide berdinak, pertsona bakarreko KIUB izan baita beti Tolosaldekoa. Hori dela eta, gaur egun, oso kontziente gara ez ditugula asetzen biztanleriak kontsumo arloan dituen behar guztiak, ezinezkoa da. Urtean 800 eta 1.000 eskaera artean artatzen ditugu. Badakigu askoz gehiago izango liratekeela, baina, zoritxarrez, ez gara denera iristen. Hala ere, ahalegin ikaragarria egiten dugu ahal dugunera iristeko eta balio handia ematen diogu aurrerapauso txiki bakoitzari.
Uste duzu kontsumitzaileek dauzkagun eskubideak paper gainean geratzen direla askotan?
Kontsumitzaileon eskubideak paperean geratzen direlako sentsazio hori, askotan benetakoa dena, sortzen da gehienetan ez dugulako ez bitartekorik ez baliabiderik araudia betearazteko. Errealistak izan behar dugu. Alde batetik, globalizazioak eta digitalizazioak nazioarteko merkatuak zabaldu dizkigu kontsumitzaileoi, baina horrek ere ekarri ditu beste hainbat arrisku, eta ez gutxi –iruzurrak, ez-betetzeak...–. Bestalde, oro har, eta baita aurrekoaren ondorioz ere, nabarmena da bai zerbitzuen kalitatean bai eskainitako produktuen kalitatean pixkanaka okerrera egiten ari garela, eta horrek eragiten du erreklamazio kopurua ugaritzea.
Horregatik, prebentzioan egiten dugu beti azpimarra kontsumo-administraziook. Kontsumitzaileok kontratatzen dugunean, ez da komeni soilik produktu edo zerbitzu baten prezioari erreparatzea; aldi berean begiratu behar diogu produktu edo zerbitzu horren kalitateari, eta jaso behar dugu enpresa edo establezimenduaren saldu osteko zerbitzuei buruzko informazioa, baita bezeroentzako arreta-zerbitzuen kalitatearen ingurukoa ere.
Kexak, erreklamazioak eta salaketak bakarrik ez, ahalegin handia egiten duzue informazioa eta aholkularitza ematen. Zein lan ildo dituzue arlo horretan?
Herritarrak modu eraginkorrean aholkatu ahal izateko ingurune globalizatu batean, zeinetan iruzurrerako eta ez-betetzeetarako joera dagoen, eta zeinetan norbanakoen gatazkak konpontzea gero eta zailagoa den, funtsezkoa da herritarrak ahalduntzea erosketa edo kontratazio bat egin aurretik erabaki informatuak har ditzaten. Ildo horretan, herritarren ardura ere bada informatzea eta trebatzea –horretarako gaude KIUBk–, eta tokiko edo gertuko merkataritza lehenestea.
Arreta ematen dit Tolosaldeko ikastetxe eta eskolek ez dituztela ikasleak kontsumo arloan trebatzen, nahiz eta doako tailerrak eskaini; kontuan hartu ikasleak ere badirela kontsumitzaile. Horrek dakar, gero, oinarrizko ezagutzarik ez izatea. Azken batean, arazoetako asko saihestuko lirateke aldez aurretik informazio zuzena emanez eta etorkizuneko gatazka baten lehen sintometatik lege orientazio egokia emanez. Kontsumoan, osasungintzan bezala, prebentzioa da arazo handiagoak saihesteko zutabe nagusia.
Zein bide dituzue kontsumoaren inguruko aholkuak emateko eta zuen lana sozializatzeko?
Ildo horretan, zalantzarik gabe, komunikabideek laguntzen duzue gehien. Bestalde, Kontsumobidek dirutza inbertitzen du KIUBetara bidaltzen dizkiguten informazioak eta aholkuak dituzten aldizkariak eta liburuxkak editatzen, gero horiek denak herritarren eskura jartzeko. Azkenik, Tolosaldea Garatzenen eta udalen web orrietan eta sare sozialetan, noizbehinka ere, zeozer argitaratzen dugu.
