Bi bikote judoko World Serieseko probako podiumean

Ataria 2026ko urtarrilaren 26a

Nage No Kata modalitatean lehiatzen diren Judo Klub Tolosako bi bikoteak aritu dira Gijonen jokatu den proban. Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bigarren izan dira, eta Unai Saralegi eta Unai Regillaga hirugarren.

Maila handia izan zen atzo Gijonen jokatu zen World Series zirkuituko urteko lehen proban, Nazioarteko Judo Federazioak antolatuta. Hamar bikote aritu ziren lehian, tartean munduko rankingeko bost lehenengoetatik hiru. 

Sailkapen fasean 5eko bi multzo egin zituzten, eta bakoitzetik lehen hirurak finalera igaro ziren. Judo Klub Tolosako bi bikoteak, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri eta Unai Saralegi eta Unai Regillaga, multzo ezberdinetan izan ziren munduko rankinga dela eta. Bi bikoteak multzoko bigarren pasatu ziren finalera: Regillaga eta Etxarri italiarren –munduko rankingeko lehenak– atzetik, eta Saralegi eta Regillaga Extremadurako bikoaren atzetik puntu bakar batera. Finalean Tolosako bi bikoteez gain, Extremadurako bikotea, Aragoiko bat, italiarrak eta Frantziako bikote bat izan ziren. Italiarrak atera ziren lehenik, Saralegi eta Regillaga bigarren, eta Regillaga eta Etxarri laugarrenak.

Azkenean italiarrak txapeldun izan ziren 388 punturekin, Regillaga eta Etxarri bigarren 382 punturekin eta Saralegi eta Regillaga hirugarren puntu erdira, 381.5 punturekin. Laugarren postuan kokatu zen Extremadurako bikoari alde nabarmena atera zieten, haiek 373 puntu lortu baitzuten.

Hori horrela, munduko rankingean Saralegik eta Regillagak hirugarren jarraitzen dute, eta Regillagak eta Etxarrik saltoa egin dute eta seigarren kokatu dira. Bi bikoteen hurrengo helburua Madrilen jokatuko den Espainiako Kopa izango da, otsailaren 21ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!