Tolosa CF Atletismo taldeko Idoia Arrospide (Leaburu-Txarama, 2007) eta Ekhi Civico (Tolosa, 2008) atletak maila oso onean dabiltza. 20 urtez azpiko Euskadiko Kros Txapelketan txapeldunorde izan zen Arrospide eta txapeldun Civico. Asteburu honetan Kordoban (Espainia) egingo den Espainiako Kros Txapelketan lehiatuko dira, taldeko Beñat Iraola, Ana Zubizarreta eta Unax Armendarizekin batera.
Nola bizitu zenuten Euskadiko Kros Txapelketa?
Ekhi Civico: Aurreko urtean irabazi nuenez, neure buruari presio hori jarrita joan nintzen. Aldi berean, lasai nengoen, ni baino urtebete zaharragoak direnen kontra ariko nintzelako. Behin lasterketa hasita, erraz nindoala ikusi nuenean, korrika egin eta irabaztea lortu nuen. Aurreko urtean esprintean irabazi nuen, eta aurtengoan urte bat zaharragoen aurka alde eginda irabazteak konfiantza ematen du.
Idoia Arrospide: Espainiako Txapelketa lasterketa azkarra izango dela kontuan hartuta, hasieratik nahi izan nuen erritmo bizi bat jarri. Ni eta beste bat txandatuz joan ginen aurrean, eta bukaeran alde egin zuen, baina taldekideen animoak lagunduta azken 500 metroetan berarengana iritsi, eta esprintean bukatu genuen.
Gustura lortutakoarekin?
Civico: Oso gustura. Podiuma egiteko aukera ikusten nuen, baina ez lehenengo postuan geratzekoa, aurkari bat oso ona delako.
Arrospide: Gustura nago, dena emanez gero gustura geratu behar baita.
Zer asmorekin zoazte Espainiako Txapelketara?
Civico: Zaharragoen kontra denez, errespetu gehiagorekin. Gogoz nago, eta ea beste urteetan bezala ondo joaten den. Orain arteko Espainiako Txapelketetan ondo aritu gara, behar zen egunean ondo korri eginez.
Arrospide: Aurrekoan 15. postua egin nuen, eta helburu nagusia hori hobetzea izango litzateke. Krosean, pistan ez bezala, ez daukagu denboraren erreferentzia, beraz postu on bat lortzera joango naiz.
Zenbateraino gustatzen zaizue krosa?
Civico: Niri gustatzen zait. Lokatzetan korri egiteak beste puntu bat duelako. Pistan gutxieneko bat egin behar baduzu Espainiako Txapelketara joateko, erritmo batean ateratzen zara eta horri segi egin behar diozu. Krosean, berriz, tiraka zein hasiko den zain egoten zara; txirrindularitzan bezala izaten da.
Arrospide: Bere xarma du krosak, ez baitu denboraren presiorik, eta zure sentsazioak jarraitzen dituzulako. Pistan niretzako egokiagoak dira distantzia motzagoak, beraz, biek dituzte bere alde onak.
Zer moduz doa denboraldia?
Civico: Donostiako krosean hirugarren postua lortu nuen, eta oso gustura nengoen, denboraldiko lehenengoa beti gehiago kostatzen delako. Gero Atapuercako krosean ere gustura aritu nintzen, eta pistan 3.000 metroko karrera bat egin nuen eta hor ere gustura egindakoarekin.
Arrospide: Donostiako krosa irabazi egin nuen, eta oso gustura geratu nintzen. Gero Gipuzkoako Txapelketa irabazi egin nuen, Ekhik ere bai, eta 3.000 metroko proba egin nuen pista estalian.
Nola moldatzen zarete entrenatzeko?
Arrospide: Ni fisioterapia ikasten ari naiz Tuteran, eta astelehenetik ostiralera han entrenatzen dut nire kabuz. Ander Ortiz entrenatzaileak bidaltzen dizkit entrenamenduak eta jarraipena egiten dit. Gero, asteburuetan Tolosan entrenatzen dut taldekoekin.
Civico: Ni Berazubin aritzen naiz. Batxilergoko bigarren ikasturteak eragiten duen presioarekin, baina moldatzen naiz.
Denboraldiari begira zer helburu dituzue?
Civico: Kros denboraldia bukatuko dugu asteburu honetan, eta gero pistakoarekin hasiko gara; martxoan izango da Espainiako Txapelketa eta horretarako sailkatzea izango da helburua.
Arrospide: Hori da, eta behin sailkatuz gero, ahal den postu onena lortzea. Aurreko urtean bosgarrena lortu nuen eta hori hobetzea izango litzateke egokiena. Bestalde, orain arte dugun marka ere hobetzea.