Sahararrei laguntzeko ekimenak

Ataria 2026ko urtarrilaren 20a

Haur sahararrei iaz Leaburun egindako harrera.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak material bilketa jarri du martxan, eta urtarrilaren 31ra arte iraungo du. Oporrak Bakean programaren kanpaina berria ere abiatu dute.

Sahararen aldeko elkartasuna zabaltzen ari da urtez urte, eta eskualdean horretan eragin duen elkartea Tolosaldea Sahararekin da. Aurten, 25 urte bete ditu saharar herriaren alde lanean. Urtean zehar hainbat egitasmo antolatzen ditu, eta horietako bat da material bilketa. Dagoeneko martxan da, eta urtarrilaren 31ra arte materiala biltzen ariko dira elkartekideak. Ohiko moduan, elikagaiak, higiene produktuak –konpresak eta pixoihalak– eta eskolako materiala bilduko dituzte.

Eskualdeko ikastetxe, udaletxe eta kultur etxeetan jarri dituzte bilketa txokoak. Hala, herritarrek puntu horietan utzi ahalko dute materiala. Hala ere, urtarrilaren 31 goizean eskualdeko supermerkatuetan ere ariko dira materiala biltzen. Supermerkatu handietan egongo dira eta boluntarioak behar dituzte horretarako. Laguntzeko prest dauden herritarrak animatu dituzte larunbat goiz horretan txanda egitera.

Oporrak Bakean

Bestalde, beste urte batez, Oporrak Bakean programa abiatu dute. Tindufeko [Aljeria] errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 10 eta 12 urte arteko haur sahararrek Euskal Herrian uda igarotzea du xede ekimenak. Haurrek bi hilabete ematen dituzte Euskal Herrian eta horrela basamortuko baldintza gogorrak atzean uzteko aukera dute (itzaletan 50 gradurainoko tenperaturak jasan behar izaten dituzte), elikadura egokia jasotzen dute, azterketa medikuak egiten dituzte eta euskal kultura eta saharar kulturaren arteko lotura indartzen dute.

Otsailaren 15era bitarte eman daiteke izena. Interesa izanez gero, Tolosaldea Sahararekin elkartearekin harremanetan jarri behar da tolosaldeasahararekin@gmail.com helbide elektronikora idatzita, edo 696 014 786 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!