Torturaz argi hitz egiten duen dokumentala ikusteko aukera

Ataria 2026ko urtarrilaren 20a

Dokumentala Zinemaldian ikusi ahal izan zen. Iturria: Zinemaldia

Tolosaldeko Torturatuen Sareak 'Arg(h)itzen' dokumentala eskainiko du datorren astean. Errealitate gordin horretara gerturatzeko aukera ematen du dokumentalak, izan ere, gogoratu dute tortura eskualdean modu «sistematikoan» aplikatu dela.

Zinemaldian ikusi ahal izan zen Arg(h)itzen: Torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentala ekarriko dute Tolosara. Datorren hilaren 28an, asteazkena, ikusi ahal izango da Tolosako kultur etxean, Tolosaldeko Torturatuen Sarearen eskutik.

Dokumentalak Euskal Herrian bizi izandako tortura kasu «sistematikoen» errealitatera gerturatzeko aukera ematen duela esan dute. 1966 eta 2011 urteen artean Sakanako eskualdean torturak jasan zituzten 30 pertsonen testigantzak jasotzen ditu kontakizun «zorrotz eta dinamiko» baten bidez. «Tortura zer den eta nola gaindi daitekeen erakusteaz gain, Estatuaren zigorgabetasun-egiturak ere erakusten ditu adituen bitartez», azaldu dute. Mikelatxo Urbi taldeak auzolanean egindako lana da, eta torturaren egia argitara ateratzea eta tortura erabat desagerrarazteko bidea egitea ditu helburu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!