Binakako Pilota Txapelketako hamargarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta eskualdeko pilotarien arteko neurketan Jaka lizartzarra eta Iztueta tolosarra gailendu dira Peña II.a tolosarraren eta Imazen aurka. Jon Ander Peñak bigarrenez ordezkatu du Artola alegiarra. Jakak eta Iztuetak 22-15 irabazi dute. Hori horrela, bosgarren garaipena lortu dute eta bosgarren postuan daude. Artola eta Imaz, bestalde, lau garaipenekin geratu dira, eta zazpigarren postuan daude. Liga horrela bukatuz gero, txapelketatik kanpo geratuko litzateke bikotea.
Altuna III.a amezketarrak eta Ezkurdiak galdu egin dute 15-22 Zabala eta Martija bikoaren aurka. Lau garaipenekin jarraitzen dute Altunak eta Ezkurdiak eta seigarren postuan daude. Lau partida falta dira liga bukatzeko eta esan daiteke hemendik aurrera neurketa bakoitza final bat bezalakoa izango dela eskualdeko pilotarientzat.
Serie B Txapelketan, Gabirondo gazteluarrak eta bere aurrelari Muruak partida irabazi dute 22-15 Rekalde eta Bikuñaren aurka, eta bigarren postuan daude zazpi garaipenekin. Ugartemendia alkizarrak eta Senar bere aurrelariak 22-8 galdu dute Agirre eta Morgaetxebarriaren aurka. Agirrek Peña II.a ordezkatu du eta Morgaetxebarriak Salaverri II.a. Hori horrela, Senar-Ugartemendia lau garaipenekin zazpigarren postuan daude, eta Peña II.a-Salaverri II.a bikoak zazpi garaipen ditu eta hirugarren postuan daude.