ELKARRIZKETA

«Erakutsiko dugu faxismoari ez diogula pasatzen utziko»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko urtarrilaren 21a

Mirari Sukia eta Aitzol Mendizabal, Tolosaldeko GKSko kideak. A. ARROYO

Urtarrilaren 31n manifestazioak egingo ditu GKSk Bilbon eta Iruñean. Joan-etorria egiteko autobusak antolatu dituzte, eta txartelak eskuragai daude zenbait lekutan.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) manifestazio bana egingo du urtarrilaren azken egunean, Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka! lelopean mobilizatuko dira, eta horretarako arrazoiak azaldu dituzte Aitzol Mendizabal eta Mirari Sukia Tolosaldeko GKSko kideek. 

Zergatik antolatu dituzue manifestazioak?

Aitzol Mendizabal: Nagusiki bi arrazoigatik: batetik, aurre egiteko geroz eta indartsuagoa den faxismoari; eta, bestetik, Mendebaldeko estatuen erreforma autoritarioaren aurka. Biak ala biak dira oligarkiak babestutako eta indartutako fenomenoak. Horregatik, eta langileriaren aurkako joerak direlako egin behar diegu aurre. 

Mirari Sukia: Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako oligarkiak hori sustatu nahian dabiltza. Estatuak erreformatu nahi dituzte autoritarioagoak izan daitezen; horren adibide, langileriaren eskubide zibil eta politikoak deuseztatzea, nazioarteko eskalada belikoa eta estatuak estatu polizial bihurtzea. Gainera, horri guztiari bidea errazten dio faxismoak, eta indartzen ari da. 

Zehazki non ikusten duzue faxismoaren gorakada?

Sukia: Mendebaldeko parlamentuetan ari da hazten, izan Alemanian, Polonian, Italian zein Espainian. Zenbait herrialdetan gobernura iristea lortu dute, eta beste batzuetan botere instituzional gehiago ari dira eskuratzen.

Mendizabal: Horrez gain, kalean ere areagotzen ari dira talde faxista biolentoak; Espainiako Estatuan, adibidez, Falange Espainola, Nucleo Nacional eta Desokupa. Euskal Herria ere ez dago joera horretatik salbu; izan ere, agertzen hasi da euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa, batez ere, sare sozialetan eta kaleko hormetan.

Sukia: Begi-bistakoa da duela urte batzuk onartezinak liratekeen ideia batzuk normalizatzen ari direla. Nork ez ditu entzun etorkinen aurkako mezuak? Edo matxismoa ez dela existitzen? Gure egitekoa ere bada antzeko ideia erreakzionarioei aurre egitea lanean, eskolan eta eremu guztietan.

Zergatik da beharrezkoa mobilizatzea?

Mendizabal: Mobilizatzeak eta antolatzeak merezi du, eta hala erakutsi dugu hamarnaka aldiz; adibidez, VOX alderdi faxistak duela urtebete Tolosako Plaza Zaharrean egin behar zuen postu informatiboa bertan behera uztea lortu genuenean edo euskal faxista talde batek Tolosan zehar propaganda jartzen ari zela alde egin behar izan zuenean. Argi dago arazoari uko egiteak eta beste alde batera begiratzeak ez duela egoera hobetzen.

Sukia: Guk hori erakutsi nahi dugu: Euskal Herrian faxismoari pasatzen utziko ez dion gazteria antifaxista indartsu bat dagoela, eta milaka garela oligarkiaren agendari aurre egiteko prest gaudenak. Argi izan behar dugu alderdi instituzionalek ez dutela egoerari aurre egiteko neurririk hartuko; kontrara, bilakaera horretan sakontzen laguntzen ari dira. 

Hortaz, uste dugu gazte langileok instituzioetatik independenteki antolatu eta kapitalismoaren aurkako zein sozialismoaren aldeko kontzientzia hedatu behar dugula.

Zer egin beharko luke joan nahi duenak?

Mendizabal: Autobusak antolatu ditugu egunean bertan joan-etorria egiteko, eta txartelak salgai daude hainbat lekutan, horien artean, Anoetako Arkupe, Ibarrako Atari, Tolosako Raku eta Villabonako Egarri tabernetan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!