Eskualdeko mendi lasterketetan izen-emateak zabalik daude

Ataria 2026ko urtarrilaren 14a

Aukera ugari izango dira aurten ere mendi lasterkarientzat probetan parte hartzeko.

Laster egingo den mendi lasterketa Berastegiko Negu Trail izango da, otsailaren 1ean. Ohiko mendi lasterketarentzat, 16,4 kilometrokoa, 18 urte beteta izan behar dira eta agortuta daude dortsalak. Negutrail Ttiki proban, 8,3 kilometro eta 570 metroko desnibel positibokoa, 15 eta 17 urte bitarteko mendi lasterkariek parte hartu ahal dute, eta izena eman dezakete Rockthesport.com webgunean.

Asteasuko Anttine Trailaren 4. aldia otsailaren 21ean egingo da. Iturrioztik hasi eta Hernio gailurreraino iristen da lau kilometroko kronoigoera. Parte hartu nahi dutenek Kirolprobak.com webgunean eman dezakete dagoeneko izena.

Ibarrako Zazpibide Trail mendi lasterketak bigarren urtea izango du aurten, eta antolatzaileek jakinarazi dute maiatzaren 10ean izango dela. Probak 16,34 kilometro ditu. Izen-ematea otsailaren 6an zabalduko da Rockthesport.com webgunean.

Villabonako V. Trikuharri mendi lasterketa ekainaren 27an egingo da, eta aurtengorako ere bi proba antolatu dituzte, 24 eta 12 kilometrokoak. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago Rockthesport.com webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!