Elkarrizketa

«Ikusi dugu euren autoerregulaziora iristen direla haurrak»

Imanol Garcia Landa 2026ko urtarrilaren 14a

Hainbat hamarkadatan hazkuntzaren alorrean egindako lanketa jaso du Jose Ramon Mauduitek argitaratu berri duen liburuan. Lehenengo edizioa euskaraz egitea erabaki du.

Jose Ramon Mauduit Agirrezabala (Amezketa, 1949) gorputz-terapeutak eta psikologoak Ukitu hazkuntza eredua, sormenezko bizitza baterako laguntzeko artea liburua idatzi du. Bihar egingo du liburuaren aurkezpena Tolosako kultur etxean 18:30ean. Ekitaldian liburua eskuratu daiteke, eta baita Elkar dendetan ere.

Nolatan aukeratu duzu Tolosa liburuaren aurkezpena egiteko?

Liburua egiterakoan pentsatu nuen lehenbizi euskaraz egitea. Donostian egin nuen aurkezpena, eta ondoren pentsatu nuen Tolosan egitea, bertan euskaraz askoz gehiago hitz egiten baita. Badakigu gai hauek lantzearen zailtasunaz, baina pentsatzen dut euskaraz ere lantzen joan behar direla. Bestalde, ni jaiotzez amezketarra naiz, eta Tolosaldetik jende asko etorri izan da Hazi Hezi zentrora.

Liburua gero gazteleraz ateratzeko asmoa duzu?

Ondoren gaztelaniaz ere editatuko dugu, baina hasieran, ikusita euskara zein egoeran dagoen, euskaraz atera nahi genuen. Babes hori eman nahi nion. Ea euskara gehiago erabiltzera animatzen garen.

Zein izan da liburua idazteko motibazioa?

Hasiera batean ez nuen pentsatzen liburu bat idaztea, baina ikusi dut gaur egun haurrak izateko prestakuntzari ez zaiola garrantzirik ematen. Beraz, liburua idatzi dut urte guzti hauetan landu duguna behintzat jasota gera dadin: haurrak nola garatzen diren, nola osatzen den euren oinarria eta hori lantzeak etorkizunerako suposatzen duen inbertsioa. Haurrek beren oinarrian dakarte indarra, eta hasieratik laguntzen bazaie oinarri horiek ondo lantzen, etorkizunean kooperaziorako eta kolaborazioko jarrerak askoz gehiago landuko ditu.

Zure biografiarekin hasten da liburua.

Niretzako pixka bat sorpresa izan da. Gizarte honetan ditugun errepresioek eragiten digutena bideratzeko eta erregulatzeko lanketa batetik hasi nintzen. Niretzako hori izan zen mundua ezagutzeko oinarri garrantzitsu bat. Nire lana hortik hasi zen, ikusiz mundu honetan nondik orekatu ditzakegun gauzak eta oinarria hartu etorkizuna konfiantzaz eta segurtasunez bideratzeko.

Gero kuriosoa izan zen Cristina Aznarrekin topo egin nuela; osasunaren oinarriak lantzen zituen, eta ia 40 urtetan aritu ginen lanketa egiten: gizakiak nolako oinarriak dituen, nola lantzen diren, nola bideratu behar ditugun eta nolako aldaketak ikusten diren horrela landuak izan diren haurretan. Haurrek informazioa nola jasotzen duten azaldu izan du egun garrantzia duen Piagetek, baina niretzako askoz garrantzitsuagoa izan da informazio hori emozioen bidez nola jaso den: emozioen bidez ikuskatzen duzunean burmuina oinarri hobearekin garatzen da. Eta emozioen bidez lantzean, ikusten da haurraren presentzia eta autobaieztapena askoz sendoagoa dela.

Hain justu, Cristina Aznarrekin batera Hazi Hezi zentroa jarri zenuen martxan orain ia 40 urte.

Laborategi bat bezala izan da. Munduan ez dugu ezagutzen horrelakorik: gurasoak nola aritzen diren haurren bidelagun eta haurrek zer-nolako erreakzioak dituzten ikustea. Ikusi dugu hiru urte bitarteko akonpainamendu horretan, nolako heziketak jasotzen diren. Eta hori izan da guretzako sorpresa handiena, ikusi dugulako haurrak euren autoerregulaziora iristen direla. Amaren erreferentzia jasotzen dute, eta gero beraiek erabiltzen dute beren barruko lasaitasuna, baldin eta estresa sortzen bada, estres hori bideratzeko.

Guk egindako lan horren bidez ikusten dugu etorkizunera begira eman dezakegula itxaropen askoz hobeagoa. Gaur egun mundu honek daukan nahasketa zergatik da? Ez duelako informaziorik, oinarri horretatik hasita. Hori bideratu behar dugu, etorkizunari begira konfiantza hartzeko.

Ukitu izena jarri diozu hazkuntza ereduari. Zergatik?

Ukitu hitzak hiru modu ditu euskaraz, nik behintzat horrela ulertzen dut: ikutu, hau da, zerbait ukitzea bere horretan; bestea, hunkitu, emozioen aldetik egoera batek zer-nolako erreakzioa sortzen duen barrenean; eta ukitu da zuk ukitzen duzun zerbait eta horrek ematen duen erantzuna. Bizitzaren hasieratik, elementu kimikoen arteko harremana osagarri izaten hasi den momentutik, sortu da ukitzearen garrantzia. Modu matematiko batean azaltzen dut hori: nola izan garen ukituak eta nolako sentimena izan dugun, halako kokamena sortuko zaigu. Nolako kokamena dugun esaterakoan, nolako egoeran bizi garen esan nahi dut. Ikusten badugu gaur egunean ez dugula osasun egokia, ikusi daiteke nondik hasi den okertzen. Hiru urte bitarteko haurrek atentzio falta izaten dutenean, traumak bizitzen dituztenean, eragina izaten du beraiengan. Eta eragin horrek ez dio uzten integrazio bat osatzen, baizik eta oztopoak sortzen zaizkio, eta gero hortik gaixotasunak bideratzen dira.

Prebentzioari ere garrantzia ematen diozu liburuan: «Oinarri sendo bat eraikitze-lanetan jardutea».

Hain justu, horregatik sortu dut uskozaintza terminoa, eta liburuan azaldu dut. Nola ukituak izan garen, nola sentitu garen, eta nola kokatu garen, horren bitartez itzulgarritasuna ikusten badugu, nondik eta nola gatozen, ikusi dut egin behar dela lan bat. Bide horretan uskozaintza terapeutikoa, soziala, pedagogikoa eta hezitzailea lantzea.

Zer esan nahi du uskozaintzak?

Jendeari esaten diogu zaintzeko, hau da, oinarrietara, zainetara, joateko. Oinarri horiek egokiak izan daitezela, eta ez gaitezen gaixotasunean erortzen ibili horien faltagatik. Gizakiak zeregin oso garrantzitsua du: eduki dezagun proiekzio bat bizitzan, mundu honetako aberastasunari ondo egokituta.

Eta zer aldaketa egin behar dira gizartean?

Gaur egun medikuntzak ez ditu oinarriak lantzen, erremedioak jartzen ditu; beraz, medikuntzak aldaketa izugarria egin behar du. Osasuna gaur egun gizonaren eskutik dator, eta emakumea ari da poliki-poliki bere eskuetan baliabideak jartzen, eta hortik ere etorri daiteke oso aldaketa garrantzitsua. Emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan eta oinarriak lantzeko garrantziak indarra hartzen duen heinean, beste era bateko itxaropenak etorri daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!