Literatura oinarri hartuta, barne gogoetak azaleratu ditu Unai Amundarainek (Ibarra, 1993) bere lan berrian. Hain justu, laugarren poesia liburua kaleratu du gazteak, El reino de la literatura izenburupean. Rubric argitaletxearekin argitaratu du, eta guztira, 56 olerki bildu ditu, horietatik bat euskaraz.
Emaitza eskuan duela pozik agertu da Amundarain kaleratu berri duen azken lanarekin: «Bigarren eta hirugarren liburuetan mitologian oinarritu nintzen gehien bat, nire gai gustukoena hori baita, baina oraingoan hori alde batera utzi eta nire sentimendu eta pentsamenduetan oinarritu naiz».
Hilabete baten bueltan idatzi du azken lana; joan den urrian hasi eta bukatu zuen. «Egun batean inspirazioa etorri zitzaidan, idazten hasi eta ezin izan nuen geratu, eta ohartu nintzenerako liburu bat osatuta nuen», kontatu du. Olerki ugari idatziak zituen arren, libururako 56 olerki aukeratu dituela gaineratu du, horietako bat euskaraz idatzita.
Gainontzeko lanetan bezala, musika izan du inspirazio iturri, bereziki rap generoa. Amundarainek dio abestea ez zaiola gustatzen, baina bai idaztea, eta olerki guztiak errimekin osatu ditu. Horretarako, lagun dituen bi artistekin aritu da lanean; Nikotina tolosarra eta Alex Aka Evil leondarra. «Liburuan parte hartzeko proposamena egin nien eta bi aldiz pentsatu gabe animatu ziren. Nikotinarekin batera idatzi dudan olerkia euskaraz da eta musikaren inguruan aritu gara», azaldu du.
Etzi, ostiralean, egingo du aurkezpen ekitaldia, 18:00etan, Tolosako kultur etxean. Urduri dagoela dio Amundarainek, baina gogo handia du bere azken lana ingurukoekin partekatzeko. Bertaratzen direnek liburua egunean bertan erosteko aukera izango dute, 12 euroren truke. Horrez gainera, Amazon plataforman eta Rubric.es argitaletxearen webgunearen bitartez ere izango da salgai.