Oso estu jarraitzen du Binakako Pilota Txapelketak bederatzigarren jardunaldia jokatu eta gero. Laso-Albisu bikoteak abantaila handia hartu du, guztira zortzi garaipenekin, baina beste ia bikote guztiak nahiko paretsu daude, bost eta lau garaipenekin. Bost jardunaldi besterik ez dira geratzen sailkapen liga bukatzeko.
Eskualdeko pilotarientzat ez da asteburu ona izan, guztiek galdu egin baitute. Jaka lizartzarrak eta Iztueta tolosarrak 5-22 galdu zuten Laso eta Albisuren aurka, eta lau garaipenekin zazpigarren postuan daude. Artola alegiarraren ordez Peña II.a tolosarrak jokatu zuen, eta Imazekin batera 14-22 galdu zuen Larrazabal eta Mariezkurrena II.aren aurka. Lau garaipen ditu Artola-Imaz bikoak eta zazpigarren postuan dago. Lau garaipen ditu ere Altuna III.a eta Ezkurdia bikoak, asteburuan 21-22 galdu ondoren Elordi eta Zabaletaren aurka. Sailkapeneko laugarren postuan daude amezketarra eta arbizuarra.
Serie B Txapelketan sailkapeneko goiko postuetan daude eskualdeko pilotariak. Gabirondo gazteluarra eta Murua bere aurrelaria bigarren postuan daude sei garaipenekin. Peña II.a tolosarrak eta bere atzelari Salaverri II.ak ere sei garaipen dituzte eta hirugarren postuan daude. Ugartemendia alkizarra eta bere aurrelari Senar, berriz, bosgarren postuan daude orain arte lau garaipen lortu eta gero.