Lurraldebuseko TO06 linearen ordutegia aldatuko dute, Gureak enpresako langileen beharretara egokitzeko

Ataria 2026ko urtarrilaren 7a

Azahara Domingez diputatuak eta Igor Zapirain Ibarrako alkateak Gureak enpresak Ibarrako Apatta industriagunean duen egoitza bisitatu dute goizean.

Astelehenetik aurrera, Tolosa eta Apatta industriagunea lotzen dituen linea hamar minutu lehenago irtengo da San Frantzisko geltokitik, eta 17:20ean igaroko da Apattatik; lehen, 17:30ean igarotzen zen.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebus zerbitzuko TO06 (Tolosa-Apatta) autobus linearen ordutegia egokituko du, erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzen den zerbitzua eskaini ahal izateko. Gureak enpresak Ibarrako Apatta Industriagunean duen egoitzako zuzendaritzak egindako eskaera bat izan zen, eta horri erantzuna eman diote.

Azahara Domingez diputatuak eta Igor Zapirain Ibarrako alkateak Gureak enpresaren Ibarrako egoitza bisitatu dute goizean, eta bertan jakinarazi dute astelehenetik (urtarrilak 12) aurrera autobusa hamar minutu lehenago irtengo dela Tolosatik (San Frantzisko geltokia), 17:15ean beharrean, 17:05ean. Horrela, «zerbitzu hobea» emango die Tolosan eta inguruko herrietan bizi diren Gureak enpresako ia 300 langileei, autobusa erabiltzen baitute lantokitik itzultzeko; 17:20ean hartuko dute Apattan, eta ez 17:30ean, orain arte bezala.

Zentroko zuzendaritzarekin biltzeko eta langile talde batekin hitz egiteko aukera izan dute diputatuak eta alkateak, eta ordutegi berriaren berri eman die bertan. «Aldaketa honekin, autobusaren erabiltzaileek eta Gureaken lan egiten dutenek itxaroteko denbora gutxiago izango dute lanetik irteten direnetik autobusa hartzen duten arte. Aldaketak erabiltzaileen beharrei erantzungo die, eta garraio publikoaren erabilera sendotuko du». Ildo horretan, Domingezek azpimarratu du Gureak enpresako langileentzat «haien beharretara egokitutako garraio publikoko zerbitzu bat izatea euren autonomia eta independentzia indartzeko modua» dela.

Diputatuak gaineratu du garraio publikoa ezin dela «zerbitzu estankoa» izan: «malgutasun nahikoarekin kudeatu behar dugu, sortzen ari diren beharrizanetara egokitu ahal izateko eta, horrela, gure erabiltzaileei zerbitzu atseginagoa emateko», azaldu du. Entzute aktiboaren garrantzia ere azpimarratu du. «Guztion artean garraio publikoko sare bat eraiki behar dugu, herritarren premiei erantzungo diena, eta hezkuntza, osasuna, aisialdia edo, kasu honetan, lana bezalako oinarrizko beharretarako sarbidea bermatuko duena». Ildo horretan, Domingezek eskerrak eman dizkio Gureakeko zuzendaritzari emandako laguntzagatik, eta eskua luzatu dio «erakunde eta herritar guztiekin garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzeko».

261 langile

Bestetik, Peru Fano Gureak enpresak Ibarran duen lantegiko zuzendariak azaldu du 261 pertsona joaten direla egunero lantokira, eta horietatik % 91k desgaitasunen bat duela. «Gehienek garraio publikoa erabiltzen dute joan-etorriak egiteko, eta, aldaketa horri esker, itxaronaldia laburtzeaz gain, haien egunerokotasuna lanetik kanpoko beste jarduera batzuekin bateragarri egin eta gizarteratzeko aukerak indartu ahal izango dituzte». Fano «oso eskertuta» dago. «Sarritan, aldaketa txikiek hobekuntza nabarmena ekar dezakete desgaitasuna duten pertsonen egunerokoan», adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!