Omenaldi beroa egin diote Laturi

Ataria 2025eko abenduaren 30a

Tolosa CF eta Intxurre taldeek maiatzean zendu zen Joseba Larreta 'Latu' omendu dute.

Arratsalde berezia izan da Berazubi estadioan. Tolosa CF eta Intxurre taldeetako beteranoen partida jokatu dute, eta urdinak izan dira garaileak, azken unean 0-1eko gola sartu dutelarik.

Partidaren ostean maiatzean zendu zen Joseba Larreta Latu-ri omenaldia egin diote. Bere gurasoak eta anaia atera dira zelaira, eta bi taldeetako jokalariek nahiz harmailetan zegoen jendeak txalo zaparrada artean hartu dituzte. Agurra eskaini diete ondoren, bi taldeetako ordezkariek oroigarriak banatu dizkiete eta bertsoak ere izan dira Laturen omenez.

Amezketarra Tolosa CF gizonezkoen futboleko lehen taldeko ordezkari moduan aritzen zen. Kirolarekin lotutako beste hainbat arlotan ere laguntzen zuen, esaterako, Ehunmilak proban boluntario bezala aritzen zen. Pilotazalea ere bazen, eta Jokin Altunaren laguna izaki, bere ibilbidean alboan izan zuen. Hain justu, hari eskaini zion laugarren buruz buruko txapela ekainean. Kirolez gain, Amezketako kultur ekitaldietan ere tartean izaten zen Latu, eta azken herriko jaietan gogoan izan zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!