Orain arte herriko taldeetan eragiten zuten eskualdeko gazte feministek baina, hemendik aurrera, Tolosaldeko Gazte Feministak taldean antolatuko dira, «indarrak batu eta helburuei erantzuteko». Inguruko gazteei taldera hurbiltzeko deia luzatu diete, «feminismoaz blaitu, formatu eta eragiten jarraitzeko» eta adierazi diete sare sozialetan @tolosaldeakogaztefem izenarekin egin ahal izango dutela haiekin harremana.
Helburu garbia izango du talde berriak: inor bazterrean utzi gabe zapalkuntza eta nolanahiko erosoei erantzutea. Horretarako beharrezkotzat jo dute taldearen presentzia bermatzea eskualdeko herriko festetan. Aldi berean, Andragora emakumeen etxea ere aurkeztu dute eta han egiten diren ekintza eta tailer ugaritan parte hartzeko aukera dagoela esan dute, baita laguntza psikologiko eta juridikoa jasotzeko ere.
Eskualdeko gazte feministek euskal feminismoaren genealogiari aitortza egin nahi izan diote aurkezpen ekitaldian eta aitortu dute aurrekoengandik jaso dutela «borrokarako grina, analisi zorrotzerako gaitasuna eta desobedientzia». Lubaki feministak sortzen, haiek defendatzen eta zabaltzen, eta askotariko egoeretara moldatzen ikasi dutela diote gazteek: «Ilusioa eta amorrua, biak praktikatu izan ditugu eta hala ikasi dugu gureak ez diren gerrei intsumisioz erantzuten; eta, alderantziz, gure aurkako gerrak izendatu eta ikusgarri egiten».
Lubaki feministetatik eragiteko
Tolosaldeko Gazte Feministak taldean biltzen direnak kontziente dira gaur egungoa ez dela testuinguru erraza eta zuzenean haiei eragiten dieten hainbat faktore zerrendatu dituzte: pobrezia, pribatizazio neoliberalak, emakumeen langa bikoitza, atzerritartasun lege arrazista oinarritu duten migrazio politikak, etxegabetzeak, gazte independentisten kriminalizazioa, krisi ekologikoaren ukazioa, Palestinaren aurkako genozidioa...
Eskualde mailan antolatu diren gazte feministek uste dute beldurra zabalduz inmobilismora bultzatu nahi dituztela, baina argi dute indar hori egiten dutenek ez dituztela euren helburuak lortzen parean antolatutako mugimenduak topatzen dituztelako. Helburu horrekin sortu dute Tolosaldeko Gazte Feministak taldea, etorkizun eta garaipen feministak blokeatu nahi dituztenei erantzuteko, kaleak hartzeko eta antolatzen jarraitzeko.
«Patriarkatuaren izaera konspiratiboei nahiz feminismoaren despolitizazio saiakerei aurre egingo diegu eta gure helburua izango da lubaki feministetan defendatzea, feminismoaren aurkako eraso, misoginia moderno eta inkisizio delituen aurrean; seinalamendu hotz, lege errepresibo eta bortizkeriaren aurrean».
Gotorleku horretatik arituko da talde sortu berria eta, aldi berean, ortzi-muga feminista marraztuko dute. «Orain da garaia konspirazio, borroka eta iraultza feministarekin jarraitzeko».