Urkizun goizean goiz atera dira kanpora, baserriz baserri kantuan ibiltzeko. Eguraldi hotzari eta bustiari aurre egin diote giro paregabean. Alegian, eskolako ikasleak izan dira herriko kaleak hartu dituztenak, soinu eta guzti. Adunan talde desberdinetan banatu dira, eta herriko ate guztiak jo dituzte, ondoren Gabon kantak kantatzeko. Villabonan, aldiz, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izan dute eguerdian. Etxeko txikienek ez dute gutunak emateko aukera galdu, eta Olentzerok zin egin die iluntzean denak irakurriko dituztela, banaka-banaka. Berastegin, azkenik, talde desberdinetan banatu dira goizean, kantuan ibiltzeko. Gazteek bazkaria elkarrekin ospatu dute. Tartean, kantari atera ez den bat ere sartu zaie. Gehien berak jango zuen, gainera.
Ibarran, antzerki ibiltaria
Abenduaren 22an, DBH3 eta DBH 4ko antzerkiko ikasleek Gabonetako ibilbide berezia antolatu zieten Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleei. Bertan, «Olentzaroan gertatzen diren naturaren zikloak, gure arbasoak zituzten ohiturak eta berreskuratu nahi ditugun ohituren inguruan» aritu ziren.
Ibilbidean zehar zazpi txoko aukeratu zituzten eta txoko bakoitzean istorio bat kontatu zuten ikasleek. Horretarako, Mihurak, Suak, Urak eta Desirek duten magiaz busti zituzten umeak. Landareen izate magikoaz, suak Amalurrari ematen dion indarraz, urak duen garbitzeko propietateez eta familiak eskaintzen digun babesaz hitz egin zieten. Ibilbidean oso gustura sentitu omen ziren guztiak, bai antzezle gazteak eta baita ikastolako txikiak ere: «Magiaz gozatzeaz gain euskal kulturaz blaitu dira gure ikasleak!».