Belarmendiren zerbitzuak kentzeak ondorio zuzenak ekarriko dituela esan dute

Ataria 2025eko abenduaren 19a

Tolomendiren egoitzaren aurrean protesta egin dute gaur goizean.

Hainbat baserritarrek protesta egin dute Tolomendiren barruko zerbitzua kentzeko asmoaren aurka.

Tolomendi Landa Garapen elkartearen barruko Belarmendik hurrengo urtetik aurrera baserritarrei zerbitzua ematen jarraituko ez duela eta, hainbat baserritarrek elkarretaratzea egin dute gaur Tolomendiren egoitzaren aurrean. Hain justu, udal ordezkariak Tolomendin bilduta zeuden unean egin dute protesta.

Belarmendik zerbitzua eskaintzen ez jarraitzeak «80 baserritar salduta» uzten dituela salatu dute; «horrek gure eskualdeko lehen sektorearen etorkizuna arriskuan jartzen du, baita gure segurtasuna ere. Ez da soilik makinaria edo zerbitzu tekniko baten kontua: pertsonak, herritarrak eta komunitatea dira erabaki horien benetako eraginpean daudenak», esan dute.

Bada, Belarmendiren zerbitzuak kentzeak izango lituzkeen ondorio zuzenak zerrendatu dituzte:

«Zerbitzu hau galtzeak baserritar gazteen iniziatiba eta motibazioa zapuztu dezake, eta horrek lehen sektorean jarraitzeko gogoa ahulduko luke. Belaunaldi berriak urruntzea gure herriaren etorkizuna arriskuan jartzea da; Norbanako bakoitzak bere kabuz ezin du zerbitzu hau bere gain hartu; horrek indibidualismoa eta bazterketa ekarriko luke. Berriro galtzen ekoizle txikia aterako litzateke. Belarmendik eskaintzen duen segurtasuna eta babesa ezinbestekoak dira: enpresa batek langileei eta baserritarrei ematen dien sostengua seguruagoa da norbanako bakoitzak bere kabuz eman dezakeena baino. Elkarrizketa eta gardentasuna behar ditugu: erabakiak modu irekian eta azalpenekin hartu behar dira, baserritarren ahotsa entzunez. Belarmendiren helburu historikoa berreskuratu behar dugu: baserritarren lana erraztea, lehen sektorea bera indartzea».

Eskualdeko lehen sektorearen etorkizuna ez dagoela soilik baserritarron esku diote, «guztion erabakien menpe baizik». Belarmendiren erabakiak aldaketa sakonak ekarriko lituzkeela eta, baserritarrek aipatutako ondorioak kontuan hartzeko eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!