Erretiroa hartzean bigarren gaztaroa hasten dela diote batzuek, eta aisialdiko orduak aprobetxatzera animatzen dira horietako asko. Eskualdean badira musikan murgiltzera animatu diren erretirodun ugari. Loatzo Musika Eskolak horretarako bidea eman du, 65 urtetik gorako herritarrentzat ikastaroak eskainiz. Hala, musikarekin gozatzeaz gain, musika ardatz hartuta norbere alderdi fisikoa, kognitiboa eta emozionala lantzen dute.
Adunan, Ibarran eta Amasa-Villabonan osatu dituzte taldeak, eta azken horren parte da Karmen Arana billabonatarra. Ostegun goizetan joaten da ikastarora, eta bertan gustura dagoela kontatu du, «gure adinean komeni zaizkigun ariketak lantzen baititugu». Saio horiek, bereziki, memoria eta koordinazioa lantzeko baliagarriak ditu Aranak, «hemen egiten ditugun ariketak burua osasuntsu mantentzen laguntzen didatelako, eta horiek taldean egitea ere asko eskertzen da».
Eusko Jaurlaritzako araudia jarraituz, 65 urtetik gorakoentzako musika ikastaroak eskaintzeko matrikulazioa zabaldu zuten irailean Loatzo Musika Eskolan. Beldur puntu batekin egin zutela aitortu du Miren Mujika zuzendariak: «Jendea mugitzea eta animatzea asko kostatu zaigu, inoiz musikarekin kontakturik izan ez duen jendeari beldurra ematen ziolako ikastaroan parte hartzeak, baina musikak ez du mugarik eta edozeinek egin dezake».
Kosta ahala kosta, hiru talde osatu dituzte lehen ikasturte honetan; Amasa-Villabonan eta Ibarran hamabi pertsonako taldeak dituzte, eta Adunan, berriz, sei pertsonako taldea. Saioak astean behin egiten dituzte, 45 minutuko iraupenarekin, eta zuzendariak esan du ez dela beharrezkoa musika ezagutzarik edo esperientziarik izatea, «edonorentzat dago irekia, helburu nagusia musikaz gozatzea baita».
HIRU ALDERDI
Idoia Balza irakaslearen hitzetan, tailerraren helburua «adinekoen bizi-kalitatea hobetzea» da. Horretarako, hiru arlo nagusi lantzen dituzte: alderdi fisikoa, kognitiboa eta emozionala. Balzak azpimarratu duenez, «tailerrek alderdi soziala ere indartzen dute, elkargune bilakatzen direlako. Asko bakarrik sentitzen dira, eta ikastaroan besteekin harremanak sortzeko aukera dute, musikaz gozatzen duten bitartean».
Saioak dinamikoak eta askotarikoak izaten dira, ariketetan oinarrituta; batzuetan bakarka egiten dira, eta besteetan binaka edota taldean ere aritzen dira. Ariketa guztiak lotuta daude hiru zutabe nagusiekin –alderdi fisikoa, kognitiboa eta emozionala–, eta alderdi horiek lantzeko diseinatuta daude.
Alderdi fisikoan, esaterako, psikomotrizitate ariketak egiten dituzte, koordinazioa, lateralitatea, mugimendua eta arnasketa landuz, eta tentsio ariketak ere egiten dituzte. Kasu batzuetan, instrumentuak ere erabiltzen dituztela kontatu du irakasleak: «Musika jarri eta tresna txikiekin erritmo desberdinak ikusten ditugu, eta ariketa horiek arreta eta kontzentrazioa ere lantzeko balio izaten dute». Dantzan edota kantuan ere aritzen dira partaideak. «Euskal abestiak edo beraien haurtzaroko kantak jartzen ditugu, elkarlanean, eta abesti horiekin memoria ere lantzen dugu», gaineratu du.
Alderdi kognitiboan, berriz, musika hiztegia –melodia, armonia, erritmoa...– landu eta kultura musikalean ere sakontzen dute, musika estilo desberdinak entzuten. «Hitzekin jolasean aritzen gara, burua arin izateko ariketak egiten ditugu eta poema eta ipuin txikiak kontatzen ditugu, ulermena eta hausnarketa bultzatzeko», gaineratu du irakasleak.
Azkenik, alderdi emozionalean, musikan oinarritutako emozioekin harremanetan jarri eta taldean partekatzen dituzte. Saio horietan sortzen den egoera «oso polita eta oso berezia» izaten dela azpimarratu du Balzak, «parte-hartzaileek bizipen bereziak partekatzen dituztelako, musikaz eta elkarren laguntzaz gozatuz».

