elkarrizketa

«Nire helburua hausnarketa sustatzea da»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko abenduaren 23a

Olaia Arana gizarte langileak gidatuko ditu Ikaztegietako saioak. A. ARROYO

Zaintzaren inguruko zenbait arlo jorratzeko lau hitzaldi egingo dituzte Ikaztegietan. Bina saio izango dira urtarrilean zein otsailean, eta izena aurretik eman beharko da. Herritar guztiei zuzenduta antolatu dute ekimena.

Ikaztegietako Udalak lau hitzaldiko zikloa antolatu du: Hitz egin dezagun gure zaintzaz. Zaintzak ez dira inprobisatzen. Saio bana egingo dute urtarrilaren 8an eta 22an; eta otsailaren 5ean zein 19an. Olaia Arana (Orereta, 1976) gizarte langileak 13 urte daramatza Gipuzkoako Gizarte Esku-hartzeko Etika Batzordean, eta berak gidatuko ditu saioak. Jaiotzez oreretarra bada ere, 25 urte daramatza Anoetan bizitzen.

Zergatik da garrantzitsua zaintzaren gaia lantzea?

Ez zait gustatzen orokorrean hitz egitea, baina iruditzen zait oraindik etxe askotan ez dela gaiaz naturalki hitz egiten. Egoerak gain hartzen gaituenean hasten gara kudeatzen, eta hori nabaritzen da udaletxeetako gizarte zerbitzuetan. Beti esaten dut hobe dela lasaitasunetik hastea kudeatzen, denbora soberan dugun bitartean eta ez urgentziaz. 

Nori dago bideratuta?

Izatez, herritar guztiei zuzenduta dago. Ez daukagu berariaz hirugarren adineko jendearekin edo zahartzaroarekin lotu beharrik. Joera handia dago, gainera, gugandik urrun dagoen errealitate moduan ulertzeko. Eta ez da horrela; guztioi eragiten digu zaintzak.

Zer landuko duzue saio bakoitzean?

Lehen saioa sarrera moduko bat izango da. Zaintza pertsonalak landuko dira eta, batik bat, kokatzeko saio bat izango da. Jorratuko ditugun zenbait gai txikikeriak irudituko zaizkio jendeari, baina garrantzitsua da horietatik abiatzea.

Bigarrena da zaintza medikoen ingurukoa. Hor hasten gara hitz egiten aurretiazko borondateen dokumentuari buruz, osasunaren arloko erabakien inguruan... Pertsonalak oso lotuta daude lehen uneekin; eta zenbait erabaki mediko aurrerago hartu behar izaten dira. Heriotzaren inguruko gaiak ere izaten dira, eta horrek gehiago eragiten du. 

Eta beste bi saioetan?

Hirugarrenean, zaintza administratiboak lantzen ditugu. Kontu prebentiboez hitz egiten dugu; ordezkariak izendatzeaz... Baina ez hori bakarrik. Aurreikusten da etorkizunean nola nahiko genukeen administratiboki kudeatzea gure ondasunak; nola eta nork.

Laugarrenean, berriz, zaintza ekonomikoez hitz egiten dugu. Lehen zati batean testamentuez eta herentziez hitz egiten dugu; hori ere pentsatu behar delako. Eta beste zatia da hitz egitea zein baliabide dauden udaletxeetan, aldundietan... Etxez etxeko zerbitzuak, eguneko zentroak... Eta azaldu bakoitza zertarako den, zein dirulaguntza dauden... Abaniko zabal bat biltzen du hitzaldien zikloak. 

Zein da saioen helburua?

Nire helburua hausnarketa sustatzea da. Hausnartzea eta ingurukoekin hitz egitea sustatzea. Helburua ez da saio hauetan jendeak dokumentuak osatzea. Ez zait lehentasunezkoa iruditzen; eta ez da nire alorra ere. Elkarrizketak eta hausnarketak bultzatzea da helburua. Etortzen direnei beti esaten diet oso ausartak iruditzen zaizkidala; etortze hutsagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!