Eskualdean mugitzeko modu berri bat aurkeztu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abenduaren 16a

Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko mugikortasun teknikaria eta eskualdeko zenbait alkate, gaurko aurkezpenean.

Tolosaldea Garatzenek AutoBAT komunitatea sortu du, eguneroko joan-etorrietan autoa partekatzea sustatzeko; urtarrilaren 1ean jarriko dute martxan.

Azken ikerketen arabera, mugikortasun alternatiboko sistemak ezartzea da mugikortasun jasangarriago baterantz salto egiteko gakoa. Tolosaldeko udalek, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak koordinatuta, AutoBAT komunitatea jarriko dute martxan 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera. Autoa partekatzeko zerbitzu berria da, eta helburu du ibilgailu pribatuaren menpekotasuna gutxitu eta egunerokotasunean egiten diren bidaiak ahal bezain beste aprobetxatzea.

Car-pooling ereduan oinarritutako zerbitzua izango da. Bidaia egingo duten ibilgailuak gainerako bidaiarien eskura jarriko ditu AutoBATek, haietan egoten diren aulki hutsak betetzeko. Horretarako, aplikazio batek autoen gidariak eta gainerako erabiltzaileak konektatuko ditu, eta bidaiaren ordutegia eta ibilbidea adostuta, elkarrekin egingo dute bidaia, norbere gastuak gutxitzeko. Eskualdeko kotxe-plataforma digital partekatu bat sortzea da proposamena. Gainera, udal pizgarriak izango ditu gidari eta bidaiarientzat.

Proposamenak, gainera, askotariko onurak eskaintzen ditu. Batetik, ingurumenekoak, hala nola emisioak murriztea eta pilaketak gutxitzea. Bestetik, sozialak, kolektibo kalteberen mugikortasunerako sarbidea eta lankidetza komunitarioa sustatzea, esaterako. Horiez gain, badira onura ekonomikoak ere; garraio kostuetan aurreztea eta familia bakoitzeko ibilgailu askoren beharra murriztea, besteak beste. Azkenik, hirigintzako onurak daude, eta horien adibide da aparkalekuek okupatutako espazio publikoa liberatzea.

Tribbu aplikazioa erabili beharko da AutoBAT komunitateko erabiltzaile izateko. Egunerokorako auto partekatua errazten duen plataforma digitala da Tribbu, bereziki lanera edo unibertsitatera joan ohi diren pertsonentzat, eta plataforma horren barruan dagoen komunitate bat da AutoBAT; Tolosaldetik abiatzen diren edo eskualdera datozen gidari eta bidaiariek osatzen dute. Erabiltzaileei aukera ematen die gidari edo bidaiari gisa erregistratzeko, edo biak, baita ohiko bidaiak argitaratzeko ere. Hori egin eta gero, antzeko ibilbideak dituzten pertsonak bilatzen ditu aplikazioak, eta match egiten dute.

AutoBATen funtzionamendua

1. Deskargatu Tribbu aplikazioa mugikorrean.

2. Erregistratu zure telefono zenbakiarekin; bankuko txartelaren zenbakia eman behar da, dirua automatikoki ordaindu eta jasotzeko.

3. Menuan, 'Enpresa/Unibertsitatea' botoian AutoBAT komunitatea aukeratu, eta mugikorrean jasotako kodea sartu.

4. Osatu zure profila: argitaratu zure ohiko ibilbidea eta aurkitu lagunak.

5. Ibilbidea hasterakoan aktibatu bidaia, eta amaieran bukatutzat eman (ezinbestekoa da geolokalizazio bidez bidaia egin dela bermatzeko).

6. Gastuak automatikoki banatuko dira.

Pizgarriak, gidari eta bidaiarientzat

Gastuak automatikoki banatzen ditu aplikazioak. Gidariak jartzen du bidaiaren prezioa, beti ere kilometroko 0,15 euro gehienez. Bidaiari gehiago jasotzeagatik, Tribbuk gidariei pizgarriak ematen dizkie, lau zentimo kilometro eta bidaiari bakoitzeko. Diru hau zuzenean sartzen die kontu korrontean. AutoBAT komunitateko erabiltzaileek, gainera, Tolosaldea Garatzenek emandako pizgarri osagarriak izango dituzte, eskualdeko udalek sortu duten 9.000 euroko diru-poltsari esker.

Gehienez bi euroko pizgarriak emango dituzte bidaia bakoitzeko, hilean gehienez 750 euro. Poltsa agortu arte egongo dira eskuragarri. Kasu horretan, bidaiariak ordaindu beharreko prezioari aplikatuko zaio pizgarria, hau da, ez du diru hori jasoko. Bidaiarengatik ordaindu beharrekoa pizgarriaren gehieneko prezioa (bi euro) baino baxuagoa bada (demagun, euro bat) , bidaiariak ez du ezer ordaindu beharko. Aldiz, gidariak diru hori berdin-berdin jasoko du. Segurua eta erabilerraza izateko diseinatuta dago aplikazioa.

Mugikortasun jasangarriagoa

Egitasmo honek bat egiten du Europa, EAE, Gipuzkoa eta eskualde mailako mugikortasun jasangarriko estrategia eta helburuekin. Martxan dauden beste eredu batzuk erakusten dute gisa honetako plataformek ondo funtzionatu dezaketela, batik bat, auto pribatuarekiko menpekotasun handia eta garraio-eskaintza txikiagoa duten guneetan. Hori da, hain zuzen, Tolosaldeko errealitateetako bat.

2023ko datuen arabera, hilean 34.271 bidaia egiten dira autobusez Tolosaldean. Tolosan eta Villabonan zentratatzen dira linea gehienak, baina herri txikietara doazen ibilbideek ez dute eraginkortasun handia. Maiztasuna irregularra da, ordu-kadentziarik gabe ibiltzen dira autobusak, eta horrek erabiltzaileen planifikazioa zailtzen du.

Bestalde, tren-autobus intermodalitaterako puntu informalak egon arren, ez dago koordinazio sistematikorik. Udalerri txikietako herritarrak, gainera, eskari txikiko lineen edo neurrira egindako zerbitzuen menpe daude, fidagarritasun txikiarekin. Azkenik, bai hiriguneetan, baita industrialdeetan ere, ibilgailu partikularra da nagusi. Gure bizimodu ohiturek mugikortasunak gora egitea eragin dute; auto bat edukitzea, ordea, garestia bilakatzen ari da.

Adibide batzuk:

Ibilbidea

Kilometro kopurua

Prezioa (gidariak
jarritakoa)

Gidariak jasotzekoa
(bidaiari bakoitzeko)

Pizgarria

Bidaiariak ordaintzekoa

Tolosa-Donostia

25

4 €

1 €

2 €

2 €

Tolosa-Arrasate

50

6 €

2 €

2 €

4 €

Tolosa-Berastegi

12

2 €

0,48 €

2 €

0 €

Tolosa-Urkizu

8

1 €

0,32 €

1 €

0 €

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!