Kari Alberdi (Azkoitia, 1996) Elkartasun Biltegiko kidea da, eta Ane Zubiria (Ibarra, 2000) Etxebizitza Sindikatukoa. Kalean bizi direnei negua eramangarriago egingo diete.
Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatutik eta Elkartasun Biltegitik etxerik gabe dauden pertsonei zuzendutako neguko bilketa bat antolatu duzue, zer bilduko duzue?
Alde batetik, janari eta oinarrizko beharrizanen bilketak egingo ditugu, aurreko ikasturtetik hona egin dugun bezala. Horrez gain, neguko arropa, mantak, jostailuak eta lo zakuak bilduko ditugu.
Ibarran eta Tolosan egin izan duzue bilketa, baina orain herri gehigotan ere egongo zarete, ezta?
Horrela da, bai. Ibarraz eta Tolosaz gain, Alegian, Zizurkilen eta Villabonan ere egingo ditugu bilketak. Zizurkilen abenduaren 14an eta Villabonan abenduaren 15ean bilduko ditugu produktuak, eta banaketak, berriz, abenduaren 17an, (17:30-19:30) Villabonako Gurea erakusketa gelan eta 22an, (17:30-19:30) Asteasuko kultur etxean egingo ditugu. Ibarran abenduaren 19an, (17:00-19:00) udaletxeko plazan egongo gara produktuak biltzen, Alegian abenduaren 19an (17:00-20:00) udaletxeko plazan eta Tolosan abenduaren 20an, (10:00-14:00) Trianguloan. Azken hauen banaketak, berriz, abenduaren 23an 19:00etan Otsabin (Igeralde kalea, 4) egingo ditugu.
Zergatik da garrantzitsua horrelako bilketak egitea?
Gero eta pertsona gehiagok dituelako miseriazko bizi baldintzak, eta horri aurre egin behar zaiolako. Langile klaseak bizi duen pobretze prozesua oso gogor kolpatzen ari da. EAEn 1.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute egunero lo kalean, 2022an baino bi aldiz gehiago, eta 2024an etxegabeen zentroetako pertsonen kopurua % 24 handitu da 2022koarekin alderatuta; guztira, 4.230 pertsonak hartu dute ostatu zentroetan. Horiek pobretzearen muturreko kasuak dira; izan ere, gizartearen gero eta kapa zabalagoak du oinarrizko beharrizanak asetzeko ezintasuna: elikagaiak, arropa, etxebizitza eta hornidura gastuak edo osasun beharrizanak.
Bizitzaren garestitzeak helburu garbi bat dauka: langilegoaren pobretzearen kontura, supermerkatuek, etxebizitza negozioan parte hartzen duten bankuek, eraikuntza enpresek, etxejabeek… euren irabaziak handitzea. Gaur egun, mundu guztiaren ongizatea eta kalitatezko bizi baldintzak bermatzeko aukerak egon badaude, hau da, denok etxebizitza bat izatea eta oinarrizko beharrizanak asetuta izatea posible dela uste dugu. Arazoa da, baliabide horiek irabazi pribatuak eskuratzeko bahituta daudela gizarte kapitalistan, eta garbi izan behar dugu sistema ekonomiko hau errotik aldatu ezean, errealitate horiek ez direla desagertuko. Etxerik gabeko pertsonak dauden sistema bat, huts egin duen sistema bat da.
Klase elkartasuna aldarrikatzen duzue, zuen ustez instituzioetatik egiten den lana ez da nahikoa?
Errealitateak berak garbi erakusten digu ez dela nahikoa. Eta ez soilik ez dela nahikoa, baizik eta ez dutela pobreziari eta miseriari amaiera emateko inongo gaitasunik. Izan ere, instituzioek, ezer baino lehenago, negozioak babesteko eta hauspotzeko funtzioa betetzen dute. Horren adierazle da abenduaren 11n Eusko Legebiltzarrean onartutako Etxebizitza Legeak eraikuntza ziklo berri bat bultzatzen duela, eta eraikitzaileei eta espekulatzaileei alfonbra gorria jartzen die. Negozioari amaiera eman ezean, ez dugu desberdintasun ekonomikoekin amaituko.
Instituzioek, gehienez ere miseria kudeatzeko funtzioa betetzen dute, horri erantzuten baitiote albergeek, emergentzia etxebizitzek, elikagai bonoek… Bizi baldintza minimo batzuk bermatzeko ogi apurrak dira. Alabaina, ogi apur horiek nahikoa ez izateaz gain, sektore pobretuenei bideratzen zaizkien baliabideak murrizten ari dira gaur egun, baita azken horiek kriminalizatzen ere. Esaterako, diru sarrerak bermatzeko errenta sektore pobretuenek jasotzeko aukera kenduko dute, eta gizarte zerbitzuetako beste hainbat baliabide ere murrizten ari dira. Era berean, delituak egiten dituzten pertsonen jatorria publikatuko dute aurrerantzean, baina delitu horiek egitera bultzatu dituzten arrazoiak ezkutatzen dira, pobrezia eta miseriaren zabalpena hain zuzen. Horrek, ideia arrazista eta faxistak zabaltzeko bidea irekitzen du.
Irabazi kapitalista da lehentasuna gaur egungo sisteman, eta horregatik diogu arazoa sistema ekonomikoa bera dela, ez berau nola kudeatzen den. Horregatik, klase elkartasunaren hautua egiten dugu guk; hau da, instituzioetatik aparte antolatuz gaitasunak eta baliabideak lortzeko hautua. Sistema kapitalistaren eta horren ondorio den pobreziaren aurka egitea, klase sozialik egongo ez den gizarte eredu baten alde, sozialismoaren alde. Bide hori egiteko, klase antolakuntza eta elkartasuna zabaldu behar ditugu.
