Urte Zaharreko Krosak berrogei urte beteko ditu

Ataria 2025eko abenduaren 15a

Zizurkilgo Urkamendi elkarteak eta Villabonako Zunbeltz elkarteak antolatzen duten XXXX. Urte Zaharreko Krosean izena emateko epea zabalik dago.

Urtea korrika amaitzeko ohitura oso errotuta dute Zizurkilen eta Amasa-Villabonan. Zizurkilgo Urkamendi elkarteak eta Villabonako Zunbeltz elkarteak antolatuta, aurten XXXX. Urte Zaharreko Krosa egingo dute abenduaren 31n. Urkamendi elkartearen ondotik izango da irteera. Izena emateko epea zabalik dago, eta infantil, kadete, jubenil eta helduek Kronoak.com webgunean egin dezakete. Beste maila guztikoek Urkamendi elkartean eman dezakete, egunean bertan 15:00etatik aurrera. Izen-ematea doan da.

Probak 15:30ean hasiko dira, 2018an eta ondoren jaiotakoentzat; buelta txiki bat egingo dute. Ordu berean benjaminak (2016-2017) aterako dira, eta bi buelta txiki egingo dituzte. 15:45ean alebinen (2014-2015) txanda izango da, eta bi itzuli egingo dizkiote ibilbide txikiari, gehienez 1.600 metro. 16:00etan infantilen (2012-2013) eta kadeteen (2010-2011) proba izango da, eta bi buelta emango dizkiote ibilbide nagusi murriztuari, 3,7 kilometro egiteko. 16:30ean izango da proba nagusia, eta bertan parte hartuko dute jubenilek, helduek eta beteranoek (35 urtetik gorakoek). Hiru itzuli emango dizkiote ibilbide nagusiari, 6.5 kilometro egiteko.

Sariei dagokienez, kadete eta jubeniletan lehenengo gizonezkoak eta lehenengo emakumezkoak garaikur eta Eizmendi Kirolak dendan erabiltzeko 20 euroko bale bana jasoko dute. Proba nagusiko helduen kategorian, lehenengo gizonezko eta emakumezko bakoitzarentzat garaikurra, bi lagunentzako afaria eta ardo botila bat jasoko dute. Beteranoen kategorian, lehenengo gizonezko eta emakumezko bakoitzarentzat bi lagunentzako afaria eta ardo botila jasoko dute. Bestalde, Urkamendi elkartean prestatuko den bi lagunentzako hamar afariren zozketa egingo dute helduen eta beteranoen kategorietako parte hartzaileen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!