Arineketanen 'Zaharrak berri' ikuskizuna, bihar Leidorren

Ataria 2025eko abenduaren 11

30 urte bete dituen Ibarrako Alurr dantza taldeak parte hartuko du, eta izen bereko pieza dantzatuko dute; 20:00etan hasiko da emanaldia.

Iñar Sastre pianista irurarraren eta Jagoba Astiazaran txistulari zestoarraren Arineketan proiektuak Tolosako Leidor aretoan egingo du Zaharrak berri ikuskizuna. Bihar izango da 20:00etan, eta zenbait sarrera salgai daude oraindik esteka honetan.

2020an, lehen diskoa aurkeztu zutenetik, dozenaka plazetan aritu dira Sastre eta Astiazaran, euskal musika tradizionalaren zaharberritze lanetan. Euskal dantzen erritmo eta doinuak dituzte ardatz, umorez eta dibertsioz, tradiziozko hotsek bizi berri bat dutela erakutsi nahian. Arrakasta handia duen proiektua da, eta horren erakusgarri da 2021ean eskuratu zuten Euskal Herriko Musika Bulegoa saria.

Bada, 2023an, Zer berri? Zaharrak berri esaera hartuta sortu zuten bihar egingo duten saioa. Egile ezezagunak dituzten abesti tradizionalak gaurkotu zituzten. «Euskal ondarea berreskuratuta, bigarren bizitza bat eman nahi zaie galtzear dauden kantuei, itxuraldatu eta publiko berriengana helarazteko», azaldu dute. Iaz hasi ziren oholtza eta plazetan zehar emanaldiak egiten, eta bihar helduko dira Tolosara.

Leidorren, baina, ez dira bakarrik ariko. Xabier Zeberio tolosarrak biolinarekin lagunduko die, eta Nora Lopezek biolontxeloarekin. Aner Peritz ariko da bertsotan eta kantuan, eta Haatik euskal dantza konpainia garaikideko dantzariak ere igoko dira oholtzara.

Horiez gain, ikuskizunean parte hartuko dute Tolosako Eduardo Mokoroa Musika Eskolako abesbatzak eta aurten 30 urte bete dituen Ibarrako Alurr dantza taldeak; ibartarrek, Joana Ortegak urteurrenagatik sortutako Alurr pieza dantzatuko dute. «Transmisiorako garrantzitsua da bi taldeen parte hartzea», nabarmendu du Astiazaranek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!