BABESTUTAKO EDUKIA

Foru Aldundiak 2026ko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu Gipuzkoan

Ataria 2025eko abenduaren 13a

Adunan, Zizurkilen, Villabonan, Asteasun eta Larraulen abenduaren 14an, igandean, banatuko dituzte; Iruran, Anoetan, Alkizan, Hernialden eta Tolosan, hilaren 15ean, astelehenean; eta Bidanian, Albizturren, Alegian eta Orendainen, berriz, hilaren 16an, asteartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –azalean bat, eta hilabete bakoitzean bana–.  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Ekin. Zaindu. Bizi lelopean, eta markak hautsi ditu: 1.073 argazki jaso dituzte eta orain arte egin diren bederatzi edizioetatik parte-hartze handienekoa izan da. 

Joserra Txintxurreta oñatiarraren lana eramango du egutegiak azalean: artaldearen aurrean artzain bat eta bere txakurra irudikatzen ditu, «ingurumenaren zaintzaren kulturari, ondo egindako lanari eta komunitate-bizitzari egindako omenaldi gisa». 1.000 euroko saria jaso du, eta gainerako hamabi irabazleek, berriz, 250 eurokoa bakoitzak.

Gipuzkoako Argazki Elkartetik egutegia osatuko duten argazkien «kalitate teknikoa, narrazio indarra eta Gipuzkoaren berezko balioak eta bizimoduak islatzeko gaitasuna» nabarmendu dituzte. Multzoak begirada zabala eskaintzen dio lurraldeari, eta, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, egutegi hau «irudi bilduma bat baino askoz gehiago» da: «Gipuzkoari buruzko kontakizun partekatu bat da, bertako jendeak egina».

Abenduaren 14tik 16ra honako herrietan banatuko dituzte egutegiak: Aduna, Zizurkil, Villabona, Asteasu, Larraul, Irura, Anoeta, Alkiza, Hernialde, Tolosa, Bidania, Albiztur, Alegia eta Orendain.

Banaketa 

Abenduak 14

  • Aduna: Herriko plaza, 10:00-11:00.
  • Zizurkil: Joxe Arregi plaza, 11:30-12:30.
  • Villabona: Errebote plaza, 13:00-14:00.
  • Asteasu: Herriko plaza, 16:00-17:00.
  • Larraul: Herriko plaza, 17:30-18:30.

Abenduak 15

  • Irura: Herriko plaza, 10:00-11:00.
  • Anoeta: Herriko plaza, 11:30-12:30.
  • Alkiza: Herriko plaza, 13:00 - 14:00.
  • Hernialde: Herriko plaza, 16:00-17:00.
  • Tolosa: Trianguloa plaza, 17:30-19:30.

Abenduak 16

  • Bidania-Goiatz: herriko plaza, 11:30-12:30.
  • Albiztur: Herriko plaza, 13:00-14:00.
  • Alegi: Herriko plaza, 16:00-17:00.
  • Orendain: Herriko plaza, 17:30-18:30.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!