Hilaren 16tik aurrera egongo dira salgai Ataria Bertso Jaialdirako sarrerak

Ataria 2025eko abenduaren 11

Hilaren 16an eta 17an harpideduntzat zabalduko da sarreren salmenta, eta 17an gainerakoentzat. Hilaren 22tik aurrera 'online' egongo dira eskuragarri.

Urtarrilaren 17an izango da Ataria Bertso Jaialdia, 18:00etan hasita, Leidor aretoan. Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Amaia Agirreren aginduetara.

Mahala etxeak babestu du ekitaldia, eta Harituz Tolosaldeko bertsozale elkargunearen, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearen eta Tolosako Udalaren laguntza izan du.

Bada, jaialdirako sarrerak datorren astean jarriko dira salgai. Ohi bezala, Atarikideek izango dute lehentasuna, eta hilaren 16an (15:00-18:00) eta 17an (10:30-13:30) soilik harpidedunek erosi ahalko dute. Hurrengo egunean, hilaren 18an (10:30-13:30), Atarikideek nahiz Atarikide ez direnek erosteko aukera izango dute, eta hilaren 22tik aurrera online erosteko modua izango da.

Atarikideek 18 euroan erosiko dituzte sarrerak, eta bi erosi ahalko dituzte prezio horretan. Bi sarrera baino gehiago erosi nahi izanez gero, hirugarrenetik aurrera, sarrera bakoitzarengatik 20 euro ordaindu beharko da. Atarikide ez direnek 20 euroan izango dituzte sarrerak. Ordainketa banku txartelarekin egiteko aukera egongo da. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira eta ez da erreserbarik onartuko. 

Harpidetu eta jaso bi sarrera

Bestalde, ATARIAk eskaintza berezia jarri du egun hauetarako martxan. Abenduaren 15era arte harpidedun egiten diren guztiei Ataria Bertso Jaialdirako bi sarrera oparituko zaizkie. Bi harpidetza mota ditu ATARIAk, digitala eta paperekoa, eta bietarako balio du eskaintzak. Datozen egunetarako opari egokia izan daiteke, beraz, ez izan zalantzarik eta babestu ATARIA!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!