Iztuetak agindu, Jakak bukatu, eta Artolak nahi baino ezin

Ataria 2025eko abenduaren 8a

Jaka-Iztuetak 22-8 irabazi die Artola-Imazi Tolosako Beotibar pilotalekuan, hirugarren jardunaldiko azken partidan. B serieko partida Peña II-Salaverri II. ak irabazi dute, 22-18.

Ikuskizuna eskainiz itxi dute Tolosako Beotibarren, gaur, eskuz binakako txapelketaren hirugarren jardunaldia Erik Jakak eta Martxel Iztuetak. Garaipenarekin sailkapenaren goiko multzoan jarri dira, 2-1eko markarekin. Baina garaipenaz gain, bien jokoa azpimarratu behar da. Iztuetak kantxan agindu du, pilota gogor astinduz. Horrek aurrean aukerak sortu dizkio Jakari, baina horiek ere bukatzen jakin egin behar da, eta horretan artista da lizartzarra. Datuek argi erakusten dute hori: egindako 14 eta horietatik 10 airez. 

Txanponaren beste aldean Iñaki Artola geratu da. Nahi bain0 ezin, eta partida osoan zehar sufritzea tokatu zaio alegiarrari. Bere datuek ere hori erakusten dute: egindako bi eta galdutako lau. Hortik gorrien aldeko azken emaitza, 22-8. 

Beotibar jendez bete da gaurko pilota jaialdian. Harmailek itsura ederra erakutsi dute, baita lehen partidan ere. B serieko txapelketako partida jokatu dute aurrena, Peña II-Salaverri II.ak eta Amiano-Eskirozek. Bi aurrelariek ondo ezagutzen zuten pilotalekua, bata tolosarra delako eta bestea Tolosako pilota eskolan ibilia delako, nahiz eta Irungoa izan. Partidaren gehienen aurretik joan dira Peña II.a eta Salaverri II.a. Aldea zabaltzea, ordea, ez dute lortu. Azken emaitza 22-18koa izan da. Sustoa ere izan da Beotibarren, Salaverri II.a aldageletara sartu denean. Hasiera batean lesio larria zuela ematen zuen, baina ondoren kantxara irten eta belaun inguruko kolpe bat izan dela ikusi da. 

Hirugarren jardunaldia

Ostiralean jokatu zen jardunaldi honetako lehen partida, Amorebieta-Etxanon. Nahiz eta partidan ongi sartu, Peio Etxeberriak eta Rezustak beste jardunaldi bat pilatu dute garaipenik gabe. Zabaleta-Elordik, aldiz, bikote indartsua osatzen dutela erakutsi zuten beste behin ere.

Jokin Altunak larunbatean jokatu zuen, Bartzelonan. Ezkurdia atzelari bezala, Zabala-Martijaren aurka neurtu zituzten indarrak. Partidak izar nagusi bat izan zuen, eta hori, Zabala izan zen. Une batzuetan airean ibili zituen errioxarrak Altuna III.a eta Ezkurdia. Martijak ere partida ona egin zuen, ezker horma behin eta berriz bilatuz. Amezketarrari dagokionez, ez zuen orain arteko distirarik erakutsi, baina hala eta guztiz ere 16 tanto egitera iritsi ziren galtzaileak. 

Igandean, pilota partida polita ikusteko aukera egon zen Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Parean joan zen partida, baina Lasok une batean min hartu zuen operatu berriko hankan. Berak esan bezala, partidatik atera egin zen kolpearen ondorioz. Larrazabal eta Mariezkurrena II.ak bikote sendoa izan daitezkeela erakutsi zuten, partida 22-20 irabazita. 

Bigarren mailari dagokionez, Dario-Lozak dena irabaziz jarraitzen dute. Oraingoan Murua eta Gabirondo 18an utzi zituzten. Atzelari gazteluarrak gau txarra pasa ondoren jokatu zuen partida. Ugartemendia alkizarrak ere galdu egin zuen asteburuan, Senar lagun zuela. Zubizarreta III.a eta Arangurenen aurka 21na jarri ziren, eta azken tantoan, aukera izan zuten arren, zortea beste aldera erori zen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!