Euskal Herriko Kopan, espero baino postu hobeak

Ataria 2025eko abenduaren 8a

Azaroaren 29 eta 30n Euskal Herriko Kopa ospatu zen Getxoko Fadura kiroldegian, bertan, Euskal Herriko 9 talde hoberenak parte hartu zutelarik, bai emakumezko zein gizonezkoetan.

Txapelketak formatu berezi eta erakargarria du; asteburuan zehar igeriketako proba guztiak egiten dira, horietako bakoitzean talde bakoitzeko bi igerilari lehiatzen direlarik. Proba bakoitzean lortutako postuaren arabera, taldeari puntuak ematen zaizkio eta txapelketa amaieran taldekako sailkapen orokorra egiten da.

Tolosaldeko igerilariek txapelketa bikaina egin zuten, espero baino emaitza hobeak lortuz. Neskek Euskal Herriko bigarren postua lortu zuten, inoiz lortutako emaitza onena berdinduz, eta mutilak bosgarren gelditu ziren. Azken hauek talde gaztea osatzen dute, askok txapelketa honetan lehen aldiz parte hartzen zuten. Hori kontuan izanik, txapelketa dotorea egin dutela esan daiteke. Eskualdeko igerilarien arduradunen esanetan, «argi geratu da taldeak denboraldia egoera onean hasi duela eta lanean jarraitu eta datorren txapelketetarako motibazio ederra izango duela».

Hurrengo txapelketa nagusia neskek izango dute, izan ere, Espainiako lehen mailako koparako sailkatuta daude. Pontevedran ospatuko da abenduaren 19tik 21era eta bertan estatu mailako 16 talde izango dira aipatutako formatu berdin honekin lehian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!