Oihana Zubillagak txapela jantzi du Elantxoben, Oier Zubeldia bigarren

Ataria 2025eko abenduaren 8a

VI. Kaltzadan Gora lasterketa lehiatu zuten larunbatean, Igoera Herrikoien Ligako azken proba. Anoetarrak lasterketa irabazteaz gain, marka berdintzea lortu zuen, 9 minutu eta 49 segundotan. 

Larunbatean amaitu zen Igoera Herrikoien Liga, Elantxoben. 1,3 kilometro eta 220 metroko desnibela zuten aurretik korrikalariek. Zorua, gainera, bustia zegoen. Parte hartzaileak bata bestearengandik minutu batera atera ziren, portutik herriaren goiko alderainoko erlojupeko saioa egitera. Emakumeetan errekorra berdindu zuen Oihana Zubillagak. Anoetarraren ondoren, Igoera Herrikoien Ligan sendotasuna erakutsi duen Irati Zabala iritsi zen, 10 minutu eta 52 segundoko denborarekin.

Gizonezkoetan, Ibon Badiola izan zen azkarrena, probako errekorra eginaz, gainera. Badiolak ibilbidea osatzeko 7 minutu eta 17 segundo behar izan zituen. Bigarrena eskualdeko ordezkari bat izan zen, Oier Zubeldia. Amezketarrak garaipena gertu izan zuen, baina irabazleak baino 15 segundo gehiagotan egin zuen igoera.

Argazki galeria, Busturialdeko Hitzaren webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!