Alegiako Intxurre elkartean bata bestearen erantzunak osatuz kontatu dituzte Argi dago antzezlanaren xehetasunak Felix Irazustabarrena (Alegia, 1961), Ane Arandia (Alegia, 1998) eta Joana Hernandez (Ibarra, 2007) Intxurre antzerki taldeko kideek. Komedia beltz gisa definitu dute, eta taldeak prestatzen duen hirugarren obra da. Abenduaren 18an Altzo Azpiko Salbatore Deunaren elizan egingo dute, Olentzerotan Jakin-minez egitarauaren barruan.
Zer topatuko du 'Argi dago' ikustera joaten denak?
Felix Irazustabarrena: Argitasuna.
Joana Hernandez: Sekulakoa [barrez].
Irazustabarrena: Umorezko obra bat da. Korapilotxo bat du, eszena dibertigarriak, pertsonaia bereziak... Tarte polit bat pasatzeko aukera ematen du.
Hernandez: Baditu halako ezusteko batzuk.
Ane Arandia: Trama da itzalaldi bat gertatzen dela; argia joaten da. Publikoak gertatzen den guztia ikusten du; eta ilunpe horretan pertsonaia bakoitzaren berezko izateak azaltzen dira.
Zerk bereizten du antzezlan hau?
Hernandez: Argiaren kontrasteak.
Irazustabarrena: Hori da. Itzalaldi hori irudikatzeko argi inbertitua erabiltzen da; hau da, argi asko dagoenean esan nahi du ilunpetan gaudela. Aktoreok ezer ikusiko ez bagenu bezala mugitzen gara. Istorioan argia itzultzen denean, oholtzan argitasuna leundu egiten da.
Hernandez: Aktoreok gorpuzten dugu nola jokatzen dugun iluntasunean, eta hasieran ez zen batere erraza izan. Oso istorio bisuala da. Hala ere, publikoak erraz ulertzen ditu joko horiek.
Zein zailtasun nabarmenduko zenukete?
Arandia: Erronka nagusia izan da, hain zuzen, argiarena. Inoiz ez genuen egin obra bat, non antzezpenak alderantzikatua izan behar duen. Mugimendu aldetik zaila da itsutasun hori adieraztea, izatez, den-dena ikusten duzunean. Zalantzati jokatzea da gakoa, eta nahigabe ziurtasunez mugitzea da joera dena ikusten duzunean.
Irazustabarrena: Oholtzan ere pixkanaka gero eta jende gehiago sartzen da. Batzuk ia lan osoa pasatzen dute eszenan; eta, denera, zortzi edo bederatzi izango gara. Leku fisikoa ere kontuan hartzekoa da, ez baita edonon kabitzen.
Hernandez: Mugitzerakoan nahigabe jokatzen dugu ziurtasunez; eta zeure buruari uneoro kontra egin behar diozu.
Jatorrizko testua ingelesezkoa da. Horrek eraginik izan al du?
Irazustabarrena: Testua, izatez, euskaratuta bazegoen; baina ez zen egokitzen gure ezaugarrietara. Orduan, gurera ekarri dugu eta prozesu horretan gaztelerazko beste testu bat eta jatorrizkoa ere hartu ditugu kontuan.
Arandia: Egokitzapen propio bat egin dugu. Adibidez, pertsonaia batzuen kasuan generoak aldatu ditugu... Baditu aldaketa batzuk.
Irazustabarrena: Euskarazko lehen erreferentzia hura oso baliagarria izan da, baina euskalkiekin jokatzen zuen asko. Guri hori ez zetorkigun oso ondo, eta egokitu egin dugu.
Publiko zehatz bati al dago bideratuta?
Hirurak aldi berean: Ez, ez genuke esango.
Arandia: Edonorentzat da egokia.
Irazustabarrena: Publiko inteligentea behar dugu.
Arandia eta Irazustabarrena: [Barrez].
Arandia: Ez, ez. Oso erraza da jokoa ulertzea eta, gero, bakoitzak bere interpretazioa izango du.
Hernandez: Badira txiste txar batzuk guztiontzako modukoak ere [barrez].
Zortzi antzezle zarete. Nola moldatu zarete?
Irazustabarrena: Oso ondo. Gu hiruren artean oso ondo; besteekin, gaizki [barrez].
Arandia eta Hernandez: [Biak barrez].
Irazustabarrena: Ez, ez. Taldearen hirugarren obra da. Batzuk aurretik ere ibili gara, eta beste batzuentzat, berriz, lehen antzezlana da. Baina nik uste oso ondo moldatu garela. Hain zuzen horixe da guk bilatzen duguna ere: aniztasun hori.
Arandia: Bakoitzak jartzen du bere aletxoa; ezberdinak gara eta testuinguru propioa daukagu. Elkartu eta gustura aritzen gara.
Hernandez: Oso ondo moldatzen gara elkarrekin.
Erraza al da entseguetarako elkartzea?
Arandia: Ez, hori ez. Hori da zailtasun handienetako bat.
Irazustabarrena: Izatez, entseguetarako zehaztuta daukagu asteko egun bat. Eta, gutxi asko, denoi datorkigu ondo. Gero, emanaldietarako traba gehiago izaten ditugu... Kosta egiten da dena bateratzea: batzuen lana, besteen konpromisoak...
Arandia: Bai, baina moldatzen gara. Muntaketa egiteko ere ez gara guztiok elkartzen, baina bakoitzak ahal duenetik ematen du eta moldatzen gara.
Egin beharrekoa ez da, hortaz, antzeztera mugatzen.
Irazustabarrena: Dekorazio dezente du lanak, eta...
Hernandez: Oholtza batetik bestera mugitu eta lana aurreztuko genuke ia.
Arandia: Bigarren urtea daramagu atzean panelak jartzen. Bereizgarriak dira, ondo geratzen dira, baina lana ematen dute. Gero ez dago hainbeste atrezzo, baina denak batera... Ematen du lana.
Irazustabarrena: Argiak ere muntatu behar izaten dira... Obra bi espaziotan gertatzen da: egongela eta gela banatan. Horrek ere zailtzen du kontua.
Eta horiek egiteaz ere zuek arduratzen zarete?
Hernandez: Bai, bai. Zenbat larunbat pasa ote ditugu horiek egiten...
Arandia: Laguntzaileak ere izan ditugu. Baina, orokorrean, bai.
Irazustabarrena: Hasten gara, eta pixkanaka gauzak gehitzen eta konplikatzen joaten gara. Muntatu, desmuntatu eta mugitu behar dugunean... Orduan jabetzen gara.
Amateur taldea da. Horrek eragiten al du nolabait?
Hernandez: Amateur talde bat izateak eragiten du norberak motibaziotik gehiago ematea. Profesional izateak, diruaren truk egite horrek agian eragiten du hainbeste gogo ez jartzea. Gure interesetik eta gogotik egiten dugu; eta nabaritzen da hori.
Arandia: Esperientzia maila ezberdinak daude kideen artean. Amateur izate horren barruan dago hori, eta denok jabetzen gara horrela izango dela. Felixek esperientzia handia du oholtzan, eta horrek ekarpena egiten du. Berri batzuk sartu dira, batere esperientziarik gabekoak, eta haiengandik ere beti ikasten dugu zerbait.
Ekainean estreinatu zenuten. Nola aldatu da emanaldia ordutik hona?
Arandia: Estreinaldira denok beldur puntu batekin iritsi ginen; ez genuen konfiantza handirik. Estreinaldia espero baino hobeto joan zen, eta hortik joan gara pixkanaka sendotzen. Lehenengoan helburua testua ondo egitea zen, eta hortik aurrera zabaldu da gozatzeko aukera.
Irazustabarrena: Hortik agian gerturatu gara beste une batera: gehiegi erlaxatu eta... Kontuz, eutsi behar diogu testuari [barrez]. Baina bestela ez da asko aldatu antzezpena.
Hernandez: Nik interpretatzen dudan pertsonaiak, Kleak, indarrean irabazi du. Oholtzan konfiantza hartu dut eta hori nabaritzen da pertsonaian ere.
Jendeak nola hartu du?
Arandia: Denetik egongo da, baina, orokorrean ondo.
Irazustabarrena: Lehen bizpahiru emanaldiak herrian egin ditugu, eta jendeak oso ondo hartu du. Jakina, ziurtatuta daukagu arrakasta ia egin aurretik; bertan egiten ditugulako lehen saioak. Baina kanpoan egin dugunean ere jendeak oso ondo hartu du.
Arandia: Nik uste publikoak ondo pasatzen duela. Gertatu izan zaigu kanpora joandakoan aretoa ez betetzea. Baina bertaratzen direnek beti zoriontzen gaituzte eta...
Hernandez: Askotariko publikoa izaten da, gainera. Eta horrek ere ematen du konfiantza. Adin askotako jendeak pasatzen du ondo, barre egiten dute... Eta hori ikustea polita da.
Hurrengoa Salbatore elizan egingo duzue. Nolako emanaldia aurreikusten duzue?
Irazustabarrena: Oso etxekoa, baita ere. Altzo Azpin da, eta ia herrikoak bezalakoa izango da. Oso gertukoa.
Arandia: Altzon beti hartzen gaituzte oso ondo. Betidanik gonbidatzen gaituzte, hasi ginenetik. Oso gertukoa izaten da emanaldia, oso polita. Oraingoan elizan egingo dugu, eta... Ea, ezberdina izango da; baina gogotsu gaude.
Irazustabarrena: Aurrekoetan baina ibilbide gehiago izango du oraingoan antzezlanak. Beharbada, zentzu horretan, gehiago gozatzeko aukera ere izango dugu.
Arandia: Ibilbide hori ona da, antzezlana barneratuta izango dugulako. Baina egia da, agian, freskotasuna ere galtzen bezala joaten dela. Hor tartean oreka bilatzea izango da kontua.
Aurrera begira baduzue besterik?
Irazustabarrena: Lotuta-lotuta ez, baina baditugu aukera pare bat.
Eta beste proiekturik ba al duzue esku artean?
Irazustabarrena: Oraindik honi emanda gaude, baina ari gara hitz egiten aurrera begira zer egin behar dugun.
Arandia: Oraindik erabaki eta gure artean hitz egin behar dugu, baina baditugu zenbait ideia. Izatez, oraindik obra honekin aukera gehiago aterako balira, prest egongo ginateke onartzeko. Azkenean, antzezlan bat prestatzeak lan handia eskatzen du, eta pena litzateke bospasei emanaldiren ondoren bazterrean uztea.


