«Baina herria eta hizkuntza / ez bihurtzeko bi bando / esna gaitezen eta mugitu / gure mingain, gure zango / lo hartu ezkero lur honek ez du / hizkuntzarik eramango / ta hizkuntzarik ez duen herri / bat ez da herri izango». Xabat Illarregi leitzarrak, Iruñean jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi eta gero, agurrean botatako bertsoko azken zatia da. Hain zuzen ere, antzeko mezua zabaldu nahi izan du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak, eskualdeko herri guztietan gauzatutako giza mosaikoekin.
Gaur Euskararen Eguna da, eta egun osoan zehar Tolosaldeko zenbait herritan aldarrikapenerako eta ospakizunerako ekintzak egin dituzte. Herri horietako batzuetan Euskararen etorkizuna jokoan!! leloko hizki bat –herri bakoitzak hari egokitutakoa– mosaiko baten bidez irudikatu dute herritarrek; zenbait herritan pasa den asteburuan egin zuten. «Gune euskaldunok ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide-erakusle izateko. Euskarak arnasguneak behar-beharrezkoak ditu. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi izan dugu giza mosaikoarekin», azaldu du Galtzaundik. Herri guztiak batuta, 2.000 euskaltzale elkartzeko helburua jarri zuen Galtzaundik, eta eskualdeak bikain erantzun du.
Giza mosaikoez gain, ekintza gehiago izan dira. Besteak beste, Ikaztegietan talo jatea eta dantza emanaldia egin dituzte, Adunan herri kirol saioa egin dute eskolako ikasle eta gurasoek, Iruran haur eta helduak dantzan eta kantuan aritu dira, abesbatzaren laguntzarekin, eta Alegian murala margotu dute gaztetxean.