ATARIAren mahai egutegia eskuragarri dago gaurtik aurrera

Ataria 2025eko abenduaren 3a

ATARIAren egoitzan eskatu dezakete harpidedunek. Euskaraz hilabeteak izendatzeko dauden moduak jaso ditu aurtengoak.

Urtero bezala, Atariak datorren urteko mahai egutegia prestatu du. Etxeko txokoren batean nahiz bulegoko mahaian jartzeko egutegi praktikoa da, informazio gehigarri ugarirekin, eta eskuratzeko Tolosako San Esteban auzoko 20. zenbakian dagoen Atariaren bulegora jo behar dute harpidedunek, gaurtik aurrera.

Koaderno formatua duen egutegia hilabetez hilabete dago banatuta orrika, eta orrialde bakoitza hilabete bati badagokio ere, aurreko eta hurrengo hilabetea ere ageri dira tamaina txikiagoan. Dakarren informazioari dagokionez, jai egun orokorrak eta eskualdekoak markatuta ageri dira, eta baita beste hainbat data esanguratsu ere, Euskararen Eguna, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, Emakumeen Eguna edota Kilometroak, kasu. Era berean, ilargiari buruzko informazioa eta urtaroen hasierak ere zehazten dira. Eta osatzeko 2027ko egutegia ere ageri da azken orrian. Diseinuari dagokionez, euskaraz hilabeteak esateko dauden hamaika moduekin apainduta dago. 

Harrera oso ona

Ataria babesten duten harpidedunak aintzat hartu nahi dira opari txiki honekin. Mahai egutegia asko eskertzen den produktua izan ohi da, eta herritar asko izaten dira produktua noiz aterako zain egoten direnak. Gainera, egutegia eskura jarri eta egun gutxira aleak bukatu ohi dira, beraz, azkar ibiltzea gomendatzen da, 1.000 ale inguru izango baitira. Ataria-ren babesleei esker egiten den produktua da mahai egutegia, eta horregatik, doan eskaintzen da harpidedunentzat. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!