Euskararen Eguna 25

Eskualdea euskararekin bat

Ataria 2025eko abenduaren 3a

Elduaingo herritarrak igandean egin zuten mosaikoan. LEYRE CARRASCO

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduera ugari egingo dituzte gaur hainbat herritan; besteak beste, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak proposatutako mosaiko erraldoia osatuko dute.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, aldarrikapenerako eguna, eta baita ospatzeko eta euskararekiko konpromisoa adieraztekoa ere. Helburu horiekin hainbat ekitaldi antolatu ohi dira eskualdean. Herri batzuek asteburuan hasi dute ospakizuna, baina beste batzuek gaurko jarduera ugari antolatu dituzte.

Horietako bat da Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak proposatu duen giza mosaiko erraldoia egitea. 2017an egin zuten antzera, eskualdeko 28 herriek hartuko dute parte, baina aurten Euskararen etorkizuna jokoan!! esaldia osatuko dute. Horretarako, herri bakoitzeko herritarrak gune batean elkartuko dira eta hizki bat irudikatuko dute. Dagoeneko hizkia osatu dute, besteak beste, Leaburu-Txaraman, Adunan, Orendainen, Elduainen, Orexan eta Ikaztegietan, eta gaur beste hainbat herritan osatuko dituzte. Herri guztiak batuta 2.000 euskaltzale elkartzeko helburua jarri du Galtzaundi elkarteak. 

Euskararen Egunerako Euskararen etorkizuna jokoan!! esaldia aukeratu izanaren zergatia azaldu du elkarteak: «Euskal Herriko eskualde euskaldunetakoa da gurea. Euskara bizi-bizi dago gure kaleetan eta etxeetan. Horregatik, gune euskaldunok ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Euskarak arnasguneak behar-beharrezkoak ditu. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi da giza mosaikoarekin».

Gaurko egunerako Taupa euskaltzaleen mugimenduak ere manifestua zabaldu du, Gure txinpartak izenburupean. Azken hamarkada luzeetan, euskararen biziberritzean belaunaldi bakoitzak berea eman duela adierazi du, «unean uneko erronkei hobekien jakin izan duen moduan aurre eginez, batzuetan eutsiz, eta beste batzuetan euskararen garra indartuz».

Gar hori indartzeko garaia dela azpimarratu du, «asko baitugu irabazteko: euskaraz bizi ahal izango den herria herri hobea izango baita; justuagoa, berdinzaleagoa, kohesinatuagoa, eta zoriontsuagoa. Indarrak batzeko garaia da, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuzteko. Euskara elkarte eta euskaltzaleok jarraituko dugu ausart jokatzen, geure burua eta mugimendua berrasmatzen ahalegintzen, herri proiektu ilusionagarri baten alde ekiten». Konspiratzeko unea dela esan du, eta horretarako, abenduaren 27an Bilbo Arenan egingo duten ekitaldira joateko gonbita zabaldu du mugimenduak: «Milaka buru eta bihotz taupa-taupa ariko gara Bilbo Arenan, etorkizun hobe bat irudikatzen, gure txinpartak pizten».

EKITALDIAK

  • Abenduak 3, asteazkena
    • Aduna. 14:30. Herri kirolak (ikasleak eta familiak). 15:45. Eskola txikietako xafla jarri eta bertsoa. 16:00. Txokolatea.
    • Alegia. 16:30. Mural margotzea, Alegiako Gaztetxean. 18:00. Talo tailerra, LH1etik aurrera, plazan.
    • Alkiza. 17:00. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Altzo. 17:00. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Amezketa. 11:30. Zumadi eskolako ikasleen emanaldiak izango dira kultur etxean. Goizean. Euskararen lehiaketaren zozketa.
    • Anoeta. 16:59. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Asteasu. 19:00. Euskarari buruzko hausnarketak solasaldia, ikus-entzunezko aretoan. Parte hartzaileak: Xabier Usabiaga (telebista aurkezlea eta esataria), Xabi Etxaniz (euskara irakaslea), Mila Iztueta (irakaslea) eta Amaia Agirre (solasaldiaren moderatzailea).
    • Berastegi. 16:30. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Gaztelu. 18:30. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Ibarra. 17:00. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Ikaztegieta. 09:00-11:00. Talo tailerra. 11:00-12:30. Talo jatea eskolako familia eta herritarrentzat. 12:30-12:45. Dantza emanaldia. 14:30-15:30. Bingoa. 15:30-16:00. Txokolatea jatea.
    • Irura. 16:30. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa. (Euria eginez gero frontoian).
    • Lizartza. 17:30. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
    • Tolosa. 18:00. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa. 19:00. 'Euskararen herrirantz gazteok independentzia' elkarretaratzea Trianguloa plazatik, Tolosaldeko Ernaik deituta.
    • Zizurkil. 18:30. 'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatzeko argazki kolektiboa.
  • Abenduak 5, ostirala
    • Albiztur. 17:30. Herriko plazan, ipuin kontalaria herriko txikientzat. Ondoren. Euskal kantuen bingoa eta Mihiluze lehiaketa. Pintxoak egongo dira.
    • Ibarra. 17:00. 'Naziogintza eta euskara' hitzaldia, plazan, Tolosaldea Ernaik antolatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!