13 eta 15 urte arteko gazteei zuzendutako Bota erantzuna! lehiaketa antolatu du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak bigarrenez. Telebista programetan ohikoak diren probekin osatu dute lehiaketa, eta kanporaketak jokatu ostean, urtarrilaren 31n izango da finala, Villabonako Gurea antzokian. Nagore Arin Berriako kazetariak aurkeztuko ditu saioak, iaz bezala.
Lehiakideek eskualdeaz, euskal kulturaz, Euskal Herriaz, eta beste hainbat arlori buruz duten jakintza erakutsi beharko dute. Ez dute soilik jakintza erakutsi beharko, bizkortasunak ere izango du garrantzia, eta gainera, elkarrekin lan egiten asmatu beharko dute zenbait probatan.
Parte hartu nahi dutenek sei pertsonako taldeak osatu beharko dituzte, eta aurrefasera zein finalera joateko konpromisoa hartu beharko dute. Gehienez, 12 taldek izango dute parte hartzeko aukera. Talde gehiagok izena ematen badute, bi irizpideren arabera aukeratuko dituzte: taldeak mistoak izatea eta eskualdea ahalik eta ordezkatuen egoteko, herrien arteko oreka.
Izena emateko aukera
Baldintzak betetzen dituzten gazteek abenduaren 17a baino lehen eman beharko dute izena Galtzaundi.eus webgunean dagoen formularioa betez.
Lau kanporaketa egingo dituzte, eta kanporaketa bakoitzean hiru talde lehiatuko dira.
-
Lehen kanporaketa: urtarrilaren 22an, 18:00etan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.
-
Bigarren kanporaketa: urtarrilaren 23an, 18:00etan, Anoetako Mikelasagasti auditorioan.
-
Hirugarren kanporaketa: urtarrilaren 28an, 18:00etan, Ikaztegietako udaletxe azpiko aretoan.
- Laugarren kanporaketa: urtarrilaren 29an, 18:00etan, Alegiako Elizpe zinean.
Zortzi ariketa egin beharko dituzte kanporaketetan, eta puntuak ariketa bakoitzaren amaieran banatuko dituzte. Halere, kanporaketak ez dira guztiz kanporaketa izango, ez baita inor kaleratua izango finaleko egunera arte. Urtarrilaren 31n izango da finala, 16:00etan Villabonako Gurean, eta bertan egingo duten azken probaren ostean erabakiko da finalera zein sei talde sailkatuko diren. Sariak lehen bi sailkatuentzako izango dira. Irabazleek Igantziko Irrisarriland abentura parkerako sarrerak lortuko dituzte; bigarren sailkatuek, berriz, Donostiako Mitologic Scape Room-a egiteko aukera izango dute.