Abenduaren 5etik 8ra bitarte izango da 60. Durangoko Azoka, gaurtik astelehenera bitarte alegia. Landako Gunean 285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaidek; horietan, 1.026 kultur-nobedade egongo dira, kulturazaleek ikusi eta erosteko aukera izan dezaten. Egunero 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik azoka; astelehenean, 18:00etan itxiko dute.
Lan berri horietatik erdia baino gehiago liburuak dira: 694. Gainerakoan, 163 musika ekoizpen, 30 aldizkari eta bestelako 139 lan (fanzineak, audioliburuak, podcastak...) topatuko dituzte bisitariek. Lan horietako gehienak aurkezteko, 273 ekitaldi programatu dituzte antolatzaileek. Inoizko zenbaki handienak direla aurreratu zuten aurkezpenean.
Eta lan horien guztien artean, badira eskualdeko sortzaile eta artistenak edo eskualdeari lotutakoak; guztira, 28 izango dira: lau musika ekoizpen, askotariko 22 liburu eta bestelako bi ekoizpen.
Zenbait berrikuntza
60. urteurrenarekin batera, Durangoko Azokak zenbait berrikuntza izango ditu. Hala ere, ez diote urteurren baten ospakizunari erantzuten, Azokak sei hamarkadetan zehar egindako ibilbidearen noranzkoari baizik. Ingurura moldatzen joan da etengabe azoka, euskal kulturaren berritasunei egokitzen eta arte-adierazpen berriak batzen. Horregatik, aurten bi gune berri izango ditu: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza).
Horrekin batera, aurten nobedade bezala, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du. Hasteko, gauetako kontzertuak izango dira Plateruenan. Besteak beste, bihar Mirua Tolosako musika taldea ariko da, Naxkerrekin batera. Eta bihar, gainera, Gazte Eztanda ospatuko dute. Gazteei zuzendutako ekintza ugari txertatu dituzte egitarauan, egun osoko plana egin dezaten.
Beste bi ohar
Kulturaren Jaialdi izateaz gain, elkartasunari ere lekua egingo dio aurten azokak. Horretarako, Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko geldialdia egingo dute etzi; tartean, elkarretaratze kulturala egingo dute 14:00etan Landako Plazan.
Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatu du antolakuntzak. Autoz joateko asmoa dutenentzat autobus zerbitzua jarriko dute bihar eta astelehenean, Iurretako autopista irteerako aparkalekutik Landako Gunera.
Aurreko irudietan agertzen ez den arren, Durangoko Azokan ere erosgai egongo da Miren Zeberio tolosarrak eta Enrike Solinis bilbotarrak sortutako Erlea argitaletxearen Xirribit ipuin musikatua. Euskal Barrok Ensemble taldearen musikarekin, Juan Kruz Igerabideren hitzekin eta Irene Iruretaren ilustrazioekin osatu dute.



