Ostegunean hasiko da Oria Merkatari Elkartearen Gabonetako Kanpaina

Ataria 2025eko abenduaren 1a

Gabon giroa kaleetan zabaltzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko helburuarekin antolatu dute aurtengo kanpaina: «Oria bizirik dagoela erakutsi nahi dugu, eta herritarrei zein bisitariei harrera goxoa eskaini, Gabonen magia herriko dendetatik eta kaleetatik igar daitekeela gogoraraziz».

Gabonak ate joka diren honetan, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo merkatari elkarteak Gabonetako Kanpaina aurkeztu du; abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartekoa. Herriak bizitasunez, kolorez eta emozioz bete nahi dituzte, eta horretarako, balio horiek dituen egitaraua osatu dute. Desfilea, musika, argiak, lehiaketak, familiarteko jarduerak eta sariz betetako egunak iragarri dituzte.

Aurten, guztira, 3.280 € banatuko dira tokiko merkataritzan gastatzeko txekeetan, herriko ekonomia sustatzeko. Oria Merkatarien Elkarteak eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie parte hartzen duten establezimendu guztiei eta, batez ere, herritarrei: «Zuek gabe, Gabonak ez lirateke berdinak izango».

Egitaraua
  • Moda Biziz desfilea - Abenduak 4

Kanpainari hasiera emango dion ekitaldia izango da, «berezi-berezia». Moda Biziz desfilea ostegun honetan izango da, 19:00etan, Berdura Plazan. Aurkezlea, Oizeder Mayo izango da. DJ Zigorren musikak eta Oier Laborderen dantzak iluntzea girotuko dute. Desfile horretan elkarteko dendek beren proposamenak erakutsiko dituzte. Parte hartzaileak ondorengo saltokiak dira: Titare, Garintza, Gema Loradenda, Zubimuxu, Eizmendi Kirolak, Duna Oinetakoak, Kaori & Amlu eta MP Boutique.

Garazi Loradendak apainduko du gunea, eta Eizmendi eta Hamabost ile-apaindegiek zainduko dute modeloen irudia. Minimarket JC-k janari postua jarriko du, eta Zubimuxu Ikastolak edari barra.

  • Musika Bingoa - Abenduak 19

Txistulari Plazan izango da Bingo Musikatua, 18:00etatik aurrera. Abenduaren 9tik aurrera, erosketekin banatuko diren kartoiak erabiliz parte hartu ahal izango da. Hala ere, egunean bertan, bigarren bingorako kartoiak lortzeko aukera egongo da. Lerroak 50 euroko saria izango du, eta bingoak 200 eurokoa. Tokiko dendetan gastatzeko txekeak izango dira.

  • Erakusleiho Lehiaketa

Elkarteko dendek prestatu dituzte jada beraien erakusleiho bereziak, «herria argi eta kolorez betetzeko asmoz». Herritarrek epaile lana egiteko aukera izango dute. Botoa ematen dutenen artean, abenduaren 15ean, 50 euroko bi txeke zozketatuko dira. Bozketa eguna abenduaren 9an zabalduko da: Dendak banatutako txarteletan, plazan jarriko den buzoian, edo online, dendetako erakusleihoetan egongo den QR kodea eskaneatuz.

  • Erosketa bakoitzeko saria (tonbola):

Abenduaren 20tik aurrera hasiko da Gabonetako Sari Kanpaina. Erosketa bakoitzarekin tonbola estiloko boletoak banatuko dira, eta denda guztietan txeke sari desberdinak egongo dira.

  • Din Dan Don Photocall

Abenduaren 9tik aurrera, Berdura Plazan, elur bola erraldoi baten barruan argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Instagram bidez edo WhatsApp bidez bidaltzen diren argazkiek 100 €-ko txeke baten zozketan parte hartuko dute. Zozketa, urtarrilaren 7an egingo da.

  • Haurrentzako jarduerak

Zunbeltz elkartearekin elkarlanean, Olentzeroren gutunak banatuko dira eskoletan, eta Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak aterako dira kalera, haurrek beren desioak uzteko edo abenduaren 20an Olentzeroren bidera eramateko.

Horrez gain, abenduaren 9tik 24ra, Galtzagorriren Bila egongo da; zein dendetan ezkutatu ote den bilatu beharko dute haurrek. Gure Zirkuaren urtarrilaren 4ko ekitaldirako bost sarrera bikoitz zozketatuko dira.

Azkenik, aurtengo haur tailerrak abenduaren 26an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an egingo dira.

  • Mahai egutegiak

Urtero bezala, 2026ko mahai egutegiak elkarteko dendetan banatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!